Zona privada



baloncesto



ONDO LANDUTAKO GARAIPENA

Lunes, 28 de Enero de 2013 00:24 Aratz Losada
Imprimir PDF

Ondo landutako garaipena lortu du gaur arratsaldean Natra Oñati Aloña Mendik, Renedon jokaturiko lehen itzuliko azken partiduan. Bigarren laurdentxotik aurrera, markagailuan aurre hartu dute eta azken laurdenean kantabriarrek asko estutu duten arren (63-65 hiru minutu faltan), merezitako garaipena lortu dute Oñatiarrek (70-79). Lehen itzulia hamar garaipen eta porrot bakarrarekin amaitu du Blancoren taldeak.

alt

 

Jakinekoa zen gaurko partidua irabaztea ez zela batere erreza izango, eta aurreikuspenak bete egin dira. Pas Pielagos taldeak oso indartsu hasi du partidua. Zonakako defensa gogorra eginez, Blancoren mutilak oso deseroso aurkitu dira lehen minutuetan. Erasoan kamuts eta defentsan ere erraztasun ugari emanez. Hori horrela, laurdentxoa amaitzeko minutu eta erdi faltan, etxekoak 16-12 jarri dira markagailuan eta entrenatzaile oñatiarrak hutsartea eskatu beharra izan du Pielagosekoen dinamika positiboa apurtzeko. Zorionez, hutsarteak eragin zuzena izan du jokalariengan, bi defensa gogor eta bi eraso bikainekin laurdentxoa 18-16 bukatu delarik.

 

ALDAKETA BIGARREN LAURDENTXOAN

Lehen laurdena ez da batere ona izan, baina bigarren laurdentxotik aurrera gauzak erabat aldatu dira. Oñatiarrek beraien erritmoa ezarri dute eta defentsan eginiko lan onari Iagoba Gamarraren momentu beroa gehitu zaio. Bigarren zati hasieran hegaleko atxabaltarrak hiru hiruko sartu ditu jarraian eta partiduko lehen abantaila zabaldu du oñatiarren alde. 5-11ko partzial bati esker atsedenaldirako lau minutu pasa falta zirenean Natra 23-38 jarri da aurretik eta hortik aurrera, poliki poliki atzeko linea sendo mantenduz eta erasoan aukera egokiak baliatuz, abantaila zabaldu eta ordura arte lortutako abantailarik handienarekin iritsi da partidua atsedenaldira (28-38).

 

ABANTAILA HANDITU

Hirugarren laurdenean Blanco entrenatzaileak zonakako defensa erabili du beraien erasoko joko arriskutsua gelditzeko eta egia esan, erabat asmatu du aukeraketa horrekin. Kantabriarrek egundoko arazoak izan dituzte saskiratze errezak lortzeko eta oñatiarrek aldiz, defentsan lan ona eginez, konfidantza lortu dute erasoan egoki jokatzeko. Eta erasoan, bereziki berriz ere Ander Garciak izan dituen minutu onak aipatu behar dira. Lehen zatian agian ez da oso eroso ibili, baina bigarren zatian bereak eta bi egin ditu (ikus estatistikak). Laurdena, 10-15 bitarteko diferentzietan mugitu da, baina azken minutuan oñatiarren lasaitasuna baliatuz, Pas Pielagosekoak 5-0 partzial bat sartu eta 41-55 bukatu da laurdentxoa.

alt

 

ETXEKOEN ERALDATZEA

Partida nahiko ondo irabaziko zela zirudienean, azken 10 minutuetan erabat aldatu da norgehiagokaren norantza. Etxekoak, zaletuek ematen zuten  aupadaz baliatuz, oso oldarkor hasi dute laurdena eta oñatiarrak eraba ito dituzte. Lehen minutuan egindako  6-0 partzialari esker, 47-54 hurbildu dira markagailuan eta partidua irabazteko gai zirela sinestu dute. Eskerrak berriz ere, Ander Garciaren figura agertu dela. 7 puntu jarraian sartu ostean, arnas pixka bat eman baitio taldeari 5 minutu faltan 51-61 markagailua ezarriz. Dena den, partidua ez da hor amaitu. Etxekoek hutsarte batekin apurtu dute oñatiarren erreakzioa, eta erabat indarberrituta irten dira partidaren azken txanpara. Kanpoko jokalariak era guztietako saskiratzeak lortzen hasi dira eta hiru minuturen faltan 63-65 hurbildu dira markagailuan. Harmaila sutan zegoen, pozik eta taldea ikaragarri aupatuz, partida irabazteko kapaz ikusten baitziren, baina hor agertu da enegarren aldiz, Natra liderraren irmotasuna. Josean Cavadak hiru errebote garrantzitsu hartu eta jaurtiketa libre batzuk gauzatu ondoren, 63-68 jarri du markagailua. Arnas pixka bat hartu du taldeak eta zorionez azken bi minutuak oso ondo kontrolatu ditu talde gorritxoak. Azkenean, ondo izerditutako garaipena lortu du Blancoren taldeak Renedon 70-79.

 

DATORREN ASTEAN, FINALA DONOSTIAN

Lehen itzulia amaituta, Natra Oñati da ligako lider sendoa. Jokatu diren hamaika partidetatik, hamar garaipen eta porrot bakarrarekin sailkapenaren goikaldean tinko jarraitzen dute. Momentuz bi garaipeneko aldea daukate bigarren sailkatua den Easo Pastas taldearekiko eta kasualidadez datorren astean indarrak neurtuko dituzte gipuzkoarren arteko derbi ikusgarrian. Donostiarrak oñatin 20 puntugaitik galdu zuten, baina momentu hauetan gauzak asko aldatu dira. Lehen bi sailkatuen partidua, jardunaldiko partidua izango da zalantza izpirik gabe. Natrak garaipena lortzen badu, lehen postua ondo lotuta utziko luke eta Donostiarrek garaipena lortuz gero, emozioa nagusituko da sailkapeneko lehen postu horren lehian.

 

Partidako estatistikak: http://competiciones.feb.es/estadisticas/Partido.aspx?p=1035312

 

AUPA ALOÑA!!

 

Última actualización el Jueves, 31 de Enero de 2013 18:20
 

LEHEN ITZULIKO AZKEN GELTOKIA, SANTANDER

Sábado, 26 de Enero de 2013 23:34 Aratz Losada
Imprimir PDF

Urtarrileko azken asteburua iristearekin batera, amaituko da EBA mailako lehen itzulia. Gogoangarria izan da Oñatiarrentzat eta orain arte lorturiko nota ezinhobea izan bada ere, bihar arratsaldean aukera paregabea izango du Eneko Blancoren taldeak, itzulia bikain-borobil batekin bukatzeko. Izan ere, garaipena lortuz gero, lehen 11 jardunaldietan partida bakarra galduta iritsiko litzateke talde txokolateroa ligako ekuadorrera. Pas Pielagos eta Natra Oñatiren artekoa, jardunaldia itxiko duen partidua izango da, eta arratsaldeko 6etan jokatuko da, Santanderreko Fernando Expósito polikiroldegian.

alt

 

Nork esango luke irailean, lehen itzulia amaitzeko jardunaldi bat faltan, Natra Oñati egun dagoen egoeran egongo litzatekeela. Zaletu positiboenek ere, ez zuten aurreikusiko horrelako denboraldi borobil bat, baina hauxe da egungo errealitatea eta talde oñatiarra hor goian egotea ez da kasualitate hutsa izan. Lehenik eta behin, uda sasoian klubak egin zuen ahalegina azpimarratu beharra dago, taldea indartzeko ekarri diren jokalariekin asmatu egin baita. Bestetik, entrenatzaileak orain arte erakutsi duen adorea ere azpimarratu beharra dago. Blancorentzat entrenatzaile gisa izan duen lehen esperientzia "serioa" izan da aurtengoa eta orain artean, plantilla oso ondo kudeatzen jakin izan duela erakutsi du. Egia da kalitate handiko jokalariez osatzen dela taldea eta orain artean, momentu txar gutxi izan direla, baina hile guzti hauetan patxada eta nortasun handiko entrenatzailea dela erakutsi du. Eta amaitzeko, jokalari bakoitzak bere papera zein den garbi izateak eta momentu oro, arlo indibidualean pentsatzen aritu baino, arlo kolektiboan pentsatu izanak, egin du handi taldea.

Baina hemendik aurrerakoak ez dira horren errazak izango. Eta honekin ez dugu esan nahi orain artekoak errazak izan direnik, baina behin hor goian kokatuta egoteak eta guztien ahotan egoteak presio extra bat eragingo dio taldeari. Eta errealitate horrek, ezartzen duen zama bizkar gainean eramatea, aurrerantzean taldeak izango duen erronka nagusiena izango da. Hemendik aurrera, jokatuko diren partida guztietan "faborito" papera erantsiko digute aurkari guztiek eta laudorioak besterik ez ditugu entzungo. Baina era berean, jokatzen ditugun partida guztietan, aurkariak motibazio extra bat izango du kategoriako "oilarra" menperatu ahal izateko. Beraz, aurrerantzean fisikoki eta taktikoki ondo egotearekin ez da nahikoa izango. Humiltasuna, errespetua, hankak lurrean izatea eta batez ere, etorriko diren momentu txar horietatik indartsu irtetzeko, psikologikoki talde sendoa izatea ezinbestekoa izango da falta diren 12 partidetan ezusteko handirik ez jasotzeko. Eta lehen erronka serioa biharkoa izango da, inongo dudarik gabe.

 

TALDE OSO ARRISKUTSUA

Bihar arratsaldeko partidua oso partidu arriskutsua izango da Blancoren mutilentzat. Bereziki bi faktoregaitik. Alde batetik, bidaia luzea eta igandea arratsaldean jokatu beharra edukitzeagaitik eta bestetik, Fernando Exposito pabilioian topatu dezaketen giro arrotzagaitik. Oñatiarrak ez daude ohituta igande arratsaldetan jokatzen eta orain artean etxetik kanpoko partiduetan pabilioi erdi hutsetan jokatu izan dute. Eta liga honetan zaletu beroak badaude, Oñatiko zaletuak eta Pas Pielagosen zaletuak dira inungo dudarik gabe. Bi kiroldegiak jardunaldiro betetzen dira eta etxean jokatzen duen taldeak, ondo asko daki zein garrantzitsua den seigarren jokalariaren presentzia hori.

alt

 

Guzti honi Pas Pielagosen potentziala gehitu behar zaio. Ez dute liga oso erregularra osatu, baina hasieran, zaletu askoren kinieletan agertzen zen talde kantabriarra sailkapenean goian egoteko talde gisa eta horrek erakusten du momentua ona ez den arren (3 garaipen eta 7 porrot), edozein momentutan suspertu daitekeen taldea dela. Beraz, beti bezala, oso garrantzitsua izango da partidaren erritmoa kontrolatu eta bereziki aurkariari errespetu handia izatea, biharko lehiatik zerbait positibia atera nahi bada.

 

ARAZOAK ASTEAN ZEHAR

Natra Oñatiri dagokionez esan, Blanco entrenatzaileak arazo ugari izan dituela astean zehar. Asier De la Iglesiaren bajari -bihar ere ez du jokatuko-, Imanol Ceciaga eta Xabier Odriozolaren arazoak gehitu zaizkio eta atzo iluntzeko azken lan saiorarte, ezin izan du talde osoarekin entrenatu. Dena den, klubetik konfirmatu dutenez, du bai Imanol eta baita Xabier ere, biharko partida jokatzeko prest izango dira. Jokalariak eguerdiko 14:00 irtengo dira postetxe pareko geltokitik eta partidua bukatu ahalaz bat itzuliko da espedizioa oñatira.

Zuzendaritzatik gogoraratu nahi da, bazkideek DOAN joan ahal izango dutela taldeko autobusean eta bazkide ez den horrek ere 3€ ordainduta Santanderreko partidura joan ahal izango da.

 

AUPA ALOÑA!! 

Última actualización el Lunes, 28 de Enero de 2013 19:42
 

Aurrez Aurre...ANDER GARCIA-rekin

Miércoles, 23 de Enero de 2013 10:23 Aratz Losada
Imprimir PDF

Aste honetan, Aurrez Aurre deituko diogun elkarrizketa pertsonalizatu honetako hirugarren protagonistarekin jarraituko dugu. Elkarrizketa honen bitartez, gure jokalariak gehiago ezagutu ahal izango dituzue eta saskibaloi kantxa batean nolakoak diren jakiteaz gain, hortik kanpo ere zer nolako gustuak dituzten jakin ahal izango duzue.

Aste honetako protagonista ANDER GARCIA izango da. Hona hemen, eskolta Bergararrarekin mantendu dugun aurrez aurrekoa:

alt

 

FITXA PERTSONALA:

Izena: Ander
Abizenak: Garcia Urbina
Jaoitze data: 1989ko apirilaren 5ean
Jaioterria: Bergara

Dorsala: 6
Postua: Eskolta
Altura: 1,93 m
Pisua: 93 kg

 


1.- Noiz eta non hasi zinen saskibaloian jokatzen? Ze oroitzapen dituzu?

Gogoan daukat oso ume nintzenetik hasi nintzela Ikastolan saskibaloian jolasten, 10 urte inguru nituen gutxi gora-behera. Jolas-ordu guztiak aprobetxatzen nituen saskibaloian jolasteko, eta txirrina jo bitartean hor aritzen nintzen saskira bota eta bota. Aitortu beharra daukat gainera, askotan 5 bat minuto gehiago gelditzen nintzela jaurtiketak botatzen eta askotan berandu bueltatzen nintzen klasera. Horrek bronka bat edo beste jasotzea ere ekarri zidan.


2.- Zein izan da saskibaloian ikusi duzun jokalaririk onena? eta zure idoloa?

Nik sekula ikusi dudan jokalaririk aipagarriena, Bartzelonan jokatzen duen Juan Carlos "la Bomba" Navarro izan da. Talentu ikaragarria daukan jokalaria da eta zorionez, Baskonian jokatu nuenean bere aurka jokatu genuela esan dezaket. Eta idoloari dagokionean, ez naiz oso originala izango, nire idoloa Michael Jordan haundia izan baita. Oso zaila izango da horrelako jokalari bat berriz ere ikustea.


2+1.- Jokalari maniatikoa al zara? Ohitura bereziren bat ba al daukazu partida egunetan?

Ez, egia esan ez nahiz jokalari maniatikoa. Hori bai, partidu guztiak jokatu aurretik ohitura bat daukat. Musika entzutea eta beroketan ere musika egotea oso gustoko dut. Partiduan kontzentratzeko oso elementu garrantzitsua da niretzat.


3.- Ze musika entzuten duzu partida baten atarian?

Lehen esan dudan moduan musika entzutea oso gustoko dut partiduan kontzentratzen lagunzten didalako. Orokorrean, erritmo biziak dituzten kantak ditut gustoko, gorputzeko odola pizten lagunzten didalako eta horien artean kantxara salto egin aurretik partidu guztietan entzuten dudan azken kantua Evanescense taldearen Lithium kanta da.


4.- Saskibaloian bizi izan duzun momenturik onena? Eta txarrena?

Nire ibilbidean zehar momentu on asko bizi izan ditut. Baina bat aipatu beharra badago dudarik gabe 07/08 denboraldian TAU Ceramica Baskoniarekin ACB liga irabazi genueneneko momentua aipatuko nuke. Ikaragarria izan zen. 19 urte besterik ez nituen, eta ametsik hoberenetan ere ez nuen horrelako gauzarik gertatuko zitzaidanik amestuko. 10.000 pertsonen aurrean ospakizuna, Andra Mari Zuriaren plazako harrera...oiloipurdia jartzen zait oraindik ere gogoratzen dudanean!! 

Eta momenturik txarrenak, lesioak eta bereziki 2008. urtean Gasteizen Errege Kopa galdu izana izan dira. Dena alde geneukan, etxean jokatzen genuen, faboritoak ginen, egundoko taldea genuen...baina kirola badakizue nolakoa izaten den eta egun horretan DKV Juventud taldean Rudy Fernandez izeneko izar bat agertu zitzaigun eta "berak bakarrik" irabazi zigun finala!! Arantza handia daukat sartuta!!


5.- Zer eskatuko diozu urte berriari?

Orain arte eraman dugun ibilbidea errepikatzea, hau da, garaipen asko lortzea eta bereziki etxeko partidetan gure zaletuei ikuskizun politak eskaintzea. Ah! eta beste gauza garrantzitsu bat ere eskatu nahi dut gure taldekide eta zaletu guztientzat; OSASUNA.

Última actualización el Lunes, 28 de Enero de 2013 19:42
 

URRATS BAT GEHIAGO

Lunes, 21 de Enero de 2013 14:47 Aratz Losada
Imprimir PDF

Natra Oñati taldeak garaipen berri bat -bederatzigarrena, hamar jardunalditan- lortu zuen larunbatean (77-60) eta Easo Pastas Arruabarrenaren porrota baliatuz, lidertza sendotu du lehen itzulia bukatzeko jardunaldi bakarra falta denean.

alt

 

Partidua hasi aurretik, albiste on bat jaso zuten oñatiarrek. Gasteiztarren erreferente den Daniel Bordignon Brasildarra ez baitzen Oñatira etorri, Valladoliden aurkako partidan orkatilla bihurritu ondoren, errekuperatu gabe zegoelako. Kirol ikuspegitik albiste oso ona zen, gasteiztarren jokalaririk arriskutsuena ez zelako kantxan egongo, baina horrek partidaren lehiakortasunari maila handia kendu zion. Eta hori gutxi balitz, Baskoniak bekatuta daukan Sandro Gacic jokalariak ere beroketa ariketak egiten ari zela min hartu zuen eta ezin izan zuen partidan minutu bakar bat ere jokatu. Azken orduko bi baja hauek ikusirik, garbia zirudien garaipenak ez zuela ihes egingo Zubikoatik eta zorionez, aurreikuspenak bete egin ziren. Gasteiztarren talentu indibidualak ezin izan zuen ezer egin, Natra Oñatiren talde sendotasunaren aurrean.

 

Lehen laurdenean gauzak berdinduta egon ziren. Hasierako minutuetan, saskiratzeak tartekatu ziren eta bereziki talde unibertsitarioaren talentuen lehen jokaldi ikusgarriak ikusteko aukera izan zuten Zubikoara bertaratutako zaletuek. Lehen laurdentxoa 23-18 emaitzaz amaitu zen oñatiarren alde. Bigarren laurdentxoan iritsi ziren lehen abantailak. Oñatiarrek beraien joko erritmoa ezarri zuten eta bereziki barruko jokoan Cavadak egindako lanari esker, lehen abantailak hartu zituzten markagailuan. 10-12 puntutik gorako abantailak izan ziren arren, azken minutuetan unibertsitarioek markagailua txukuntzea lortu zuten eta atsedenaldira 39-31 markagailuarekin joan zen Natra aldageletara.

 

CAVADA ETA GARCIAREN IKUSKIZUNA

Aurtengo denboraldian askotan gertatu ohi izan den bezela, larunbatean ere hirugarren laudenaren hasiera ez zen batere ona izan. Taldeak ez zuen partidaren zentzua irakurtzea lortu eta gasteiztarrak lau puntura hurbildu ziren (39-35) markagailua estutu eta partiduan berriz ere burubelarri sartu zirelarik. Baina zorionez, oñatiarrek berriz ere beraien talentu eta sendotasuna aprobetxatuz, azkar kendu zioten partidua irabazteko esperantza UPV taldeari. Gorka Kintanak egindako hiruko jaurtiketa batek, zazpi puntuko abantaila jarri zuen markagailuan eta hortik aurrera Josean Cavada eta Ander Garciaren erakustaldia etorri zen (ikus itzazue bi jokalarien zenbakiak).

alt

 

Era guztietako saskiratzeak sartu zituen Bergararrak eta momentu hauetan EBA ligan dagoen jokalaririk desorekagarrienetariko bat dela argi eta garbi utzi zuen beste astebetez. Eta Anderren talentua gutxi balitz, azkenaldian maila esanguratsua ematen dabilen Josean Cavadaren lana ere azpimarratu beharra dago. Liga hasieran kostatu egin zitzaion talde dinamikan sartzea, baina orain dela aste batzuetatik jokalari hau geldiezin bihurtzera bidean dijoala esaten ausartuko nintzateke. Errebotean eta intimidazioan egiten duen lanari, erasoan puntuak egiteko habilezia handia duela erakusten ari da Donostiarra eta hori oso oso garrantzitsua da, bereziki, Asier De la Iglesia falta dela aintzat hartzen bada. Hirugarren laurdena Ander Garciaren birrintze batekin amaitu zen (59-44).

 

AZKEN LAURDENEAN ERROTAZIOAK NAGUSI

Partida irabazita zegoela ikusirik Eneko Blancok aulkitxoa mugitzeko baliatu zuen azken laurdena. Gasteiztarrek ere, errotzaio ugari egin zituzten. Hori horrela, azken hamar minutuak tramite hutseko minutuak izan ziren, ikusleentzat. Baina aurrez aipatu bezela, denboraldian zehar gutxien jokatzen duten jokalari horientzat ordea, aukera bikaina izan zen minutu batzuk jolastu eta baliogarriak direla erakutseko eta hau ere, dudarik gabe oso albiste pozgarria da. Azkenean markagailuak hamazazpi puntutako abantaila erakusten zuen oñatiarren alde (77-60). Partidaren bukaeran Josean Cavadak ondorengo adierazpenak egin zizkion Oñati Irratiari: "Garbi dago gure helburuak erabat aldatu direla eta talde honen helburua garbia da; Igoerako Play Off-a jokatzea da gure helburu nagusia".

 

Estatistikak: http://competiciones.feb.es/estadisticas/Partido.aspx?p=1035306

 

AUPA ALOÑA!!

 

Última actualización el Lunes, 28 de Enero de 2013 19:42
 

ORAINA Vs ETORKIZUNA

Sábado, 19 de Enero de 2013 12:02 Aratz Losada
Imprimir PDF

Lehen itzulia bukatzeko bi partida besterik falta ez direnean, Natra Oñati Aloña Mendi taldeak bigarren astez jarraian jokatuko du etxean. Gabonetako geldialdi luze horren ostean, Eneko Blancoren mutilek ez zuten arazorik izan Megacalzado Ardoi taldea mendean hartzeko eta oraingoan berriz ere, garaipen bat bilatu nahiko dute etxeko zaletuen aurrean. Gaur arratsaldean (18:00), UPV Alava taldea izango da bisitari Zubikoa kiroldegian. Egun, kategoria honetan maila handia ematen diarduten jokalariak (Garcia, Cavada, Xabo, Ceciaga...) etorkizun motz batean saskibaloi izar izan daitezkeenen (Martinez, Gacic, Malmanis, Bordignon...) jokalarien aurkako lehia interesgarria izango da gaurkoa; oraina vs etorkizuna.

alt

 

Agian Zubikoa kiroldegiak bere 26 urtetako historia luzean, jaso dituen talenturik handienak jasoko ditu gaurko partiduan. Oraindik ere jokalari oso gazteak izanagaitik ere, esperantza handia jarrita baitago aurrez aipaturiko jokalari hauengan. UPV Alava taldea, Baskoniaren "harrobietako" bat da eta urtero uzten dizkio bizpahiru jokalari gazte talde unibertsitarioari. Aurtengo denboraldian adibidez, Baskoniaren estrukturan bekatuak dauden bost jokalari ikusi ahal dira UPV taldean. Carlos Martinez, Sandro Gacic, Rinald Malmanis, Daniel Ndongala eta Daniel Bordignon.

Lehenak 16 urte ditu eta 194 zm. eskolta da. Bigarrenak ere 16 urte ditu, Bosniarra da eta 198 zm altuerarekin antolatzaile postuan jokatzen du. Hirugarrena berriz, Letoniakoa da 16 urte ditu eta 203 zm. gizasemea izaki, pibot bezala jokatzen du. Laugarrena pixkat zaharragoa da. 19 urte, pibota eta 204 zm ditu. Eta dudarik gabe taldeko erreferente nagusiena 16 urteko jokalari brasildar bat da; Daniel Bordignon (Splitter berria askorentzat). Oso jokalari gaztea izanagaitik ere, iaz dagoeneko EBA mailan jokatu zuen eta orain dela 3 urte Bilbon jokatu zen Mini-Copan jokalaririk baliotsuenaren MVP saria jaso zuen. Beraz argi eta garbi ikusten da beraien bide naturala jarraitzen badute, eta betiere zortea lagun izaten badute, bat baino gehiago etorkizunean ACB-n edo batek daki non, izar izan daitezkeela.

alt

 

KALITATEAREN AURREAN SENDOTASUNA

Orain arte esandakoagaitik, zaila dirudi talentu aldetik partida hau aurrera atera ahal izatea. Horrekin ez dugu esan nahi Natra Oñatiko jokalariek talenturik ez dutenik, ezta gutxiagorik ere, baina egia esan partida hau esperientziaren, pausaren eta sailkapenak ematen duen egonkortasunaren aldetik planteatu beharra dago. Bakarkako lehiatan zaila izango da zerbait ateratzea, aspektu horietan dira eta aberatsak gasteiztarrak. Horregaitik taldeak daukan esperientzia eta partidak lasai jokatzeko duten gaitasuna, gaurko partiduko gakoetako bat izango da. Barruko jokoa erabili, errebotea ondo zaindu eta hortik aurrera ondo landutako jokaldiak burutu beharko dira. Eta guzti honi, Zubikoako harmailak eragiten duen presioa gehitu behar zaio. Gaur bereziki, inoiz baino gehiago geldituko da agerian azken aspektu hau. Izan ere, talde gasteiztarraren erreferenteak gazte mailako jokalariak dira eta oraindik ez daude ohituak presio horiekin jokatzera.

Bestelakoan, talde gorritxoari dagokionez, pasaden astetik hona ez da nobedaderik izango. Asier De la Iglesiak min hartuta jarraitzen du eta ez du jokatuko baina gainontzeko jokalari guztiak Blancoren esanetara izango dira. Gaurkoan ere, Asierren hutsunea Ibai Osa pibot oñatiarrak beteko du.

 

ARGAZKI LEHIAKETA

Gaurko partiduan, saskibaloi sailak Sustrai fruta dendaren babesari esker, argazki lehiaketa berezi bat egingo du. Partiduan zehar ateratako argazkiak jaso nahi dira. Gaia Saskibaloia delarik, Zubikoan bertan ateratako edozein argazkik balioko du (partidukoa, harmailetako giroa, maskotarekin, jokalariekin ateratakoak...). Ondoren, urtarrilaren 26a baino lehen Esta dirección electrónica esta protegida contra spam bots. Necesita activar JavaScript para visualizarla  helbidera bidali beharko dira argazkiak, bakoitzak bere datuak (izen abizenak eta telefono zenbakia) zehaztu beharko dituelarik. Epaimahai batek argazki onena hautatuko du eta Urtarrilaren 29an jakinaraziko da zein izan den irabazlea. Irabazleak bi pertsonentzako bono bat irabaziko du Gasteizen jokatuko den Errege Kopa guztia doan ikusi ahal izateko!!

 

AUPA ALOÑA!!


Última actualización el Lunes, 21 de Enero de 2013 17:54
 


Página 2 de 14