Zona privada



baloncesto



ZAPALGAILUA PASA DA ZUBIKOATIK GIPUZKOARREN ARTEKO DERBIAN

Domingo, 09 de Diciembre de 2012 15:24 Aratz Losada
Imprimir PDF

Natra Oñati Aloña Mendi taldeak nagusitasun handiko garaipena lortu zuen atzo, Gipuzkoarren arteko derbian. Eneko Blancoren mutilek partidu hasiera ikusgarri bati esker, kontrolpean izan zuten momentu oro norgehiagoka. Gabonetako atsedenaldirako partida bakarra falta denean, lidertzan jarraitzen du talde Oñatiarrak 6 garaipen eta porrot bakarrarekin.

alt

 

Aurreikusten zen bezela, Natra Oñati talde gehiegi izan zen Goierritarrentzat eta Chicoren mutilek ezin izan zuten ezer egin oñatiarren nagusitasunaren aurrean. Lehen laurdena ikusgarria izan zen. Denboraldiko onena agian. Oñatiarrek erakustaldi bikaina eskeini zuten erasoan eta partiduko lehen minutuetatik garbi utzi zuten garaipenak ez zuela ihes egingo Zubikoatik. Lehen laurdena bukatu orduko, norgehiagokak kolore gorrixka hartuta zeukan dogoeneko (28-10).

 

BIGARREN LAURDENEAN TXAKALALDIA

Pasaden astean gertatu bezela, berriz ere beherakada nabarmena eskeini zuen talde oñatiarrak bigarren laurdentxoan. Batez ere defentsako lanean hutsune dexente utzita, Goierritarrak pixkanaka-pixkanaka abantaila murrizten joan ziren eta 11-0 partzial bati esker, norgehiagoka hamar punturen buelta horretara hurbiltzea lortu zuten. Sentsazio gazi-gozoekin bukatu zen bigarren laurdentxoa eta Zubikoara hurbildutako zaleen burutik, duela hamabost egun  M.A. Robleda taldearen aurka gertatutakoa burutik pasa zitzaien. Hala ere, esan beharra dago atsedenaldira hamabi puntuko abantailaz joan zela partidua Oñatiarren alde (43-21).

 

ERROTAZIOAK ETA DIFERENTZIA BERRIZ ERE HANDITU

Badirudi jokalariek atsedenaldian garbi ikusi zutela hanka behin sartuta nahikoa zela eta hirugarren laurdenean berriz ere, nagusitasun handia erakutsi zuten. Batez ere lehen minutuetan, abantaila 15-20 puntura zabaldu zuten eta berau baliatuz, talde guztia rotatzen hasi zen Blanco entrenatzailea. Defentsan oso talde gogorra da Natra, baina batez ere erasoan kalitate handiko jokalariak ditu gaur egun eta bero daudenean geldiezinak direla erakutsi zuten berriz ere. Ander Garciak bere horretan jarraitzen du. Errekurtso mugagabeak ditu eta atzokoan ere txapela kentzeko zenbakiak osatu zituen (28 puntu, 9 errebote, 5 asistentzia eta 6 baloi lapurtuta 35 puntuko balorazioa lortu zuen). Nabarmentzekoa bestalde Josean Cavada Donostiarrak egindako partidua ere. Geroz eta lehiakorrago ikusten zaio azken asteetan eta garbi dago horrela dagoen egunetan maila honetako pibotik erabakiorrenetariko bat izan daitekeela (19 puntu, 7 errebote, 3 txapel eta bi birrintze ikusgarrirekin 29 puntutako balorazioa lortu zuen). Hirugarren laurdentxoa 69-48 emaitzarekin bukatu zen.

 

Hortik aurrera, sarritan gertatzen den bezela, azken laurdentxoa soberan egon zen. Natra Oñatik abantailarekin jokatu zuen eta azken minutuetako erlaxazioa baliatuz, goierritarrek markagailua txukuntzea lortu zuten. Azkenean urteko etxeko azken partiduak zapore ederra utzi zuen zaletu eta jokalarien artean. Partiduaren amaieran 88-73 markagailua ikusi zitekeen Zubikoako polikiroldegian.

alt

 

HARMAILETAKO GIROA

Gipuzkoarren arteko derbia izanik eta bi herrien arteko gertutasuna kontutan hartuta giro polita aurreikusten zen Zubikoako harmailetan eta aipatu beharra dago ez Goierriko zaleek ez eta Aloñako zaleek ez zutela hutsik egin atzokoan. Harmailak lepo bete ziren eta partiduan zehar egon zen ezberdintasuna ikusirik ere, giro ezinhobea gozatu zen harmailetan. Urretxuarrak turuta, peluka eta guzti momentu oro beraien jokalariak aupatu zituzten. Zale oñatiarrek berriz, beste erakustaldi bat eman zuten atzokoan. Partidua irabazita izanda ere, beraien jokalariak aupatu zituzten eta epaileek hartutako erabaki batzuen aurrean desadostasun handia erakutsi zuten txistu eta ohiu asko eginaz. Egia esan bi zaleen artean kirolzaletasuna nagusitu zuen eta hori ere aipatzeko kontu bat da.

Etxeko urteko azken partidua izanik, Natra Oñati Aloña Mendiko zuzendaritza eta jokalari guztiek gabon zoriontsuak eta eskerrak eman nahi dizkie zaletu guztiei eskaini dieten babesa ikaragarria izan delako. Mila esker guztioi!!

 

AUPA ALOÑA!!


Partzialak: (28-10, 15-21, 26-17, 19-25)

NATRA OÑATI: Iagoba Gamarra (8), Imanol Ceciaga (4), Ander García (28), Josean Cavada (19), Asier De la Iglesia (10), Gorka Kintana (8), Xabi Osa (3), Iñigo Biain (8), Iñigo Zabaleta, Iban Lizarralde eta Ibai Osa.

GOIERRI: De Miguel (28), Aranburu (8), Lorenzo (8), Sudupe (2), Goikoetxea (11), Linazisoro, Gomez, Saez de Cortaza (6), Antzizar, Pozo (5), Bereziartua (3) eta Lasa (2).

ESTATISTIKAK: http://competiciones.feb.es/estadisticas/Partido.aspx?p=1035288

Última actualización el Lunes, 17 de Diciembre de 2012 14:33
 

HARRI BERDINEAN ESTROPEZU EGIN GABE

Sábado, 08 de Diciembre de 2012 14:40 Aratz Losada
Imprimir PDF

Gaur arratsaldean bertan, Natra Oñati Aloña Mendi taldeak ligako 7. jardunaldiko partida jokatuko du Zubikoa kiroldegian. Arratsaldeko 18:00 hasiko den norgehiagokako aurkaria, Aluminios Fco. Alberdi-Verkol Goierri taldea izango da. Eneko Blancoren taldeak 2012. urtean etxean jokatuko duen azken lehia ofiziala izango da.

alt

Txapelketa eta lehiaketa ugarik zubi hartu duen arren, EBA maila ez da geldituko Abenduko lehen asteburu honetan eta gaur arratsaldean bertan, jardunaldi berria hartuko du Zubikoa kiroldegiak. Ligako zazpigarrena izango da eta era berean Natra Oñatik zaletuen aurrean jokatuko duen urteko azken partida ofiziala. Izan ere, datorren astean Valladoliden jokatu ondoren, urtarrileko bigarren astebururarte eten txiki bat hartuko du ligak.

Denboraldi hasieran jakinekoa zen talde oñatiarrak plantilla indartsua osatu zuela, baina inork gutxik espero zezakeen horrelako denboraldi hasiera ikusgarri bat. Denboraldi laurden bat jokatu ostean, sei partiduetatik bakarra galduta ligako liderra da Blancoren taldea eta orain arte erakutsi duen nagusitasuna berretsi nahiko du gaur arratsaldeko derbian. Hala ere, gaurko partida oso kontutan hartzeko partida izango da. Izan ere, orain arte sailkapenean atzean zeuden taldeek, zailtasun ugari sortu dizkiote Natra Oñatiri. Konfidantza den, tentsio falta den... motiboa ez da garbi gelditu, baina oñatiarrek orain arte izan dituzten aurrekariak ikusirik, errespetua eta 40 minutuetan zehar nortasuna erakutsi beharko dute duela 15 egun jaso zen zartakoa berriro ere errepikatu nahi ez badute. Esan ohi den bezela, gizakia da soilik harri berdinarekin estropezu egiten duen animali bakarra; ea esaera hori ez den gaurkoan berriro ere errepikatzen. Bereziki, azken 5 urte hauetan taldea aupatzera etorri diren 500 zaletuek urtea garaipen batekin agurtzea merezi bait dute.

alt

 

TALDE IGO BERRIA

Goierri taldea, EBA mailara aurten igo berri den taldea da. Orokorrean maila honetan esperientzia gutxi duten jokalari gaztez osatzen da bere plantilla, hala ere, kontutan hartzeko jokalari bat baino gehiago topatu daitezke. Jokalaririk garrantzitsuena, inongo dudarik gabe Aitor De Miguel eskolta da. Talentu handiko jokalaria. Fisikoki oso jokalari azkarra eta barneratzeak egiteko errekurtso ugari dituena. Hala ere, jokalari honek zerbaitetan nabarmentzen badu, puntuak sartzeko gaitasunean da. Orain arte 25 puntu sartzen ari da bataz beste partiduko. Berarekin batera, Aitor Aranburu hegalekoa eta Iván Sáez de Cortazar pibotak dira taldeko pisu gehiena eramaten duten jokalariak. Orokorrean bosteko oso lehiakorra dute baina, errotazioan maila jaitsi egiten du. 

Natra Oñati taldeari dagokionez, Ales Anduaga eta Xabier Odriozola izan ezik, gainontzeko jokalari guztiak Blancoren esanetara izango dira gaur arratsaldeko partiduan. Astean zehar defentsako lanean burubelarri aritu dira beraien erasoko erreferentziak nola gelditu behar diren. Bestalde, orain dela 15 egun Zubikoan jaso zuten belarrondokoa ondo gogoan dute. Horrexegaitik, jokalari batek baino gehiagok aitortu digunez, desiatzen daude arratsaldeko partida iritsi eta bizkarrean darameten zama kendu eta bide batez zaletuekin urtea ondo borobildu nahi dute.

alt

 

SASKI ESKOLEN ARTEKO LAGUNARTEKOA

Bukatu aurretik, aipatu gaur arratsaldean 16:30 hasi eta 17:15 bitartean Aloña Mendiko Saski Eskolako neska-mutilek, Arrasateko Saski Eskolakoen aurka jokatuko dutela lagunarteko bat. Ekintza honekin, astean zehar lantzen ari diren jolasak eta kontzeptu ezberdinak praktikan jartzeko aukera ezin hobea izango dute gure herriko gaztetxoek. Josu Larreategi, Baskoniako entrenatzaile ohiak gidatzen duen proiektu hau orain dela hilabete martxan jarri zen Oñatin eta hasita dauden arren, interesa duten neska mutikoek, saskibaloi sailarekin harremanetan jarrita aukera izango dute goi mailako prestakuntzan aditua den teknikari honen esanetara kirol hau ezagutzeko.

 

AUPA ALOÑA!!

Última actualización el Lunes, 10 de Diciembre de 2012 17:52
 

BOSTGARRENA, SANTANDERREN

Domingo, 02 de Diciembre de 2012 13:04 Aratz Losada
Imprimir PDF

Garaipen bikaina lortu zuen atzo arratsaldean Natra Oñati Aloña Mendi taldeak, Santanderreko Kirol Jauregian. Estela talde indartsuaren aurka jokaturiko norgehiagoka, gora-behera eta dinamika ezberdinetako partidua izan zen arren, zorionez Eneko Blancorenek bigarren zati bikain bat jolastu ondoren, bostgarren garaipena poltsikaratu zuten (63-66).

 

alt


Aurreikusten zen bezela, partidu oso zaila izan zen atzokoa. Izan ere, Estelakoek liga hasiera nahiko kaskarra egin ondoren, behar beharrezkoa zuten zaletuen aurrean garaipena lortu eta porroten bolada kaskarra apurtzeko (atzokoarekin hirugarrena jarraian). Partidua hasi aurretik, bi albiste on jaso zituen talde oñatiarrak izan ere, beroketa saioa egiten zeudela konturatu ziren aukariaren bi gizonik garrantzitsuenak ezin izango zutela partidua jokatu. Juanpe Garcia eta Alvaro Lombera min hartuta baja izan ziren eta atzoko partiduan.

 

Partidu hasiera nahiko arraroa izan zen. Oñatiarrak izan ziren  abantaila hartzen lehenak, izan ere lehen bi erasoak aprobetxatuz eta defentsako lan gogorra eginaz 0-4 aurreratu ziren markagailuan. Baina, ondoren partiduan zehar hainbat aldiz errepikatu ziren gainbehera hoietako bat ikusi genuen. Kantabriarrak 9-0 partziala sartu zuten eta lehen laurdena bukatzeko lau minutu falta zirenean, bost puntu aurretik ziren markagailuan (9-4). Dinamika hori hutsarte batekin apurtu nahi izan zuen Blanco entrenatzaileak eta ondo baino hobeto irakurri zuten oñatiarrek entrenatzaileak emandako agindua. Defentsa eta errebotea gogortu ondoren berriz ere abantaila polita lortu baitzuten lehen laurdena bukatu zenerako 11-17.

 

AHAZTEKO MODUKO BIGARREN LAURDENA

Ahazteko modukoa izan zen atzoko partiduko bigarren laurdena. Aloña Mendiko jokalariak lehen laurdenaren bukaeran erakutsitako sendotasuna nunbaiten utzi zuten eta kantabriarrak beraien joku erritmo bizia aprobetxatuz erabat irauli zuten markagailua. Bereziki Yago Estevez pibot Galiziarra izan zen oñatiarren defentsan zuloak topatu zituen jokalaria eta lortutako saskiratze erraz eta batez ere, hiruko marratik egin zituzten saskiratzeak baliatuz, kantabriarrak partidako lehen abantaila serioa hartu zuten atsedenaldirako hiru minutu falta zirenean (35-23). Hortik Aurrera, dinamika berdinean jarraitu zuen laurdenak. Oñatiarrak erabat galduta eta Estelako jokalariak emandako erreztasunak ondo baino hobeto aprobetxatu zituzten. Aipatzekoa bigarren laurden honetan Santanderrekoek sartu zuten partziala (29-11). Atsedenaldira partidua 40-28 emaitzarekin joan zen

 

BESTE AURPEGI BAT BIGARREN ZATIAN

Jokalari Oñatiarrak erabat kezkatuta joan ziren adageletara bigarren zatian emandako itxuragaitik. Burumakur, ezin sinetsi kantxan ematen ari ziren itxura…baina atsedenaldi horretan entrenatzaileak eta bereziki taldeko jokalari garrantsitzuenetariko batek emandako aholku batek erabat aldatu zuen partidua eta jokalarien jarrera. “Ezin dugu burua makurtu taldekide batek akats bat egiten duenean. Talde bat gara eta ondokoarengan konfidantza ez badugu hemen ez dago ezer egiterik. Erakuts dezagun konfidantza lagunarekiko mesedez eta hutsegiten dugunean, burua altxatu eta gehiago elkartu behar dugu. Mutilak, guregan sinestu behar dugu”. Horietxek izan ziren atsedenaldiko hitzak.

alt

 

Eta hitz hoiek edabe magiko bailiran, barneratu zituzten oñatiarrek. Hirugarren laurdena txapela kentzekoa izan zen eta. Defentsa oso gogorra, errebotea oso ondo zainduta (aipatzekoa Josean Cavadaren lana 16 puntu, 7errebote eta 3 txapel) eta erasoan era guztietako saskiratzeak lortu ziren. Talde guztiak egindako lana azpimarratu beharra dago baina aipatu bereziki berriz ere, Ander Garcia hegaleko Bergararrak laurden honetan emandako ikuskizuna. Era guztietako saskiratzeak lortu ez ezik, taldekideei asistentzia eta partiduko irakurketa bikaina egin baitzituen. 0-19ko partzilari esker 40-47 aurreratu ziren markagailuan oñatiarrak laurdena bukatzeko 3:30 falta zirenean. Hortik aurrera norgehiagoka berriro ere normaltasunera itzuli zen eta hirugarren laurdenaren bukaerara 51-52ko emaitzarekin iritsi zen partidua

alt 

 

Laugarren laurdena ez zen hain ona izan ikuskizunari dagokionez, baina emozio aldetik eta bereziki partida bat nola kontrolatu behar denaren aldetik, oso laurden ederra izan zen. Oñatiarrek beti markagailuan aurretik, baina sei puntu baino gutxiagoko abantailak kudeatuz. Zorionez, Eneko Blancorenek patxada handiz eta beraien erritmoa ezarriz jokatu zituzten azken minutuak eta nahiz eta Estelak markagailua berdindu nahi izan zuen, oñatiarrek errebotea bikain itxita partidua garaitzea lortu zuten. Azkenean 63-66 eta pasaden asteko kolpetik altsatzeko garaipen bikaina!!

 

AUPA ALOÑA!!


Partzialak: (11-17, 29-11, 11-24, 12-14)

CD ESTELA: Yago Estevez (19), Alvaro Teja (6), Fernando Herrero (8), Borna Anillo (0), Daniel Djukovic (5), Jaime García (12), Juan Arnaiz (0), Eloy Sánchez-Molina (0), Milos Martinovic (13), Javier Carral (0). Lesionados: Álvaro Lombera y Juanpe García

NATRA OÑATI: Iagoba Gamarra (3), Imanol Ceciaga (4), Ander García (20), Jose Cavada (16), Asier de la Iglesia (12), Gorka Kintana (7), Xabi Osa (2), Iñigo Biain (2)

PARTIDUKO ESTATISTIKA OSOA: http://competiciones.feb.es/estadisticas/Partido.aspx?p=1035282

Última actualización el Lunes, 10 de Diciembre de 2012 17:52
 

KOLPEAREN OSTEAN, ALTXATU BEHARRA DAGO

Viernes, 30 de Noviembre de 2012 18:57 Aratz Losada
Imprimir PDF

Gogorra izan zen pasaden jardunaldian Miguel Antonio Robleda Burgoseko taldearen aurka azken segunduan jasotako porrota. Baina zorionez, pasaden astekoa hankasartze soil bat izan zela erakusteko beste aukera bat emango  dio saskibaloiak bihar, Natra Oñati Taldeari. Asteburuan ligako 6. jardunaldia abian jarriko da eta talde oñatiarrak, Santanderren jokatuko du -18:30- Estela indartsuaren aurka .


Askotan esan ohi den bezela, garaipenetatik baino, gehiago ikasten da porrotetatik. Horregaitik, pasaden asteko porrotak taldeari min egin zion arren, seguraski bertatik konklusio garbiak aterako ziren eta horrek etorkizunean dexente lagundu diezaioke talde oñatiarrari. Eta oso urruti joan gabe, aurreko asteko ikasgaia benetan baliogarria izan daiteke asteburuko partidua gertatzerako orduan. Izan ere, Eneko Blancoren taldeak, ligako talde indartsuenetariko bati egingo dio bisita bihar arratsaldean. Oñatiarrek Santaderren jokatuko dute liga hasiera kaskarra egin duten Estela talde indartsuaren aurka.

 

alt

 

PLANTILLA IKUSGARRIA

C.D. Estela, EBA mailako talderik onenetariko bat da duda gabe. Azkenengo urteetan beti egon da sailkapenaren goiko postuetan eta pasaden denboraldian adibidez, igoera faseko Play-Offak jolastu zituen hainbat kanporaketa gaindituz. Baina azkenean ezin izan zuten LEB ligarako igoera lortu.

 

Igoera lortu ez zutenez, aurten berriro ere helburu horrekin talde oso indartsua osatu dute. Juanpe García antolatzailea da aurtengo fitxaketa nagusia. Urrezko LEB ligako Palentzia taldetik fitxatu dute. Aditu askoren iritziz EBA mailako antolatzailerik onena. Nabarmendu beharreko beste jokalari bat, Milos Martinovic hegaleko serbiarra da, saskiratzaile trebea eta aurten Marokoko ligatik fitxau dute. Aipatu baita ere, Estelakoen barruko jokuan Iago Estevez (2,05 m.) pibot Galiziarrak daukan, presentzia eta Daniel Djukovic hegalekoaren eskumutur ikaragarria.

 

Baina izar guzti hauen artean, kantabriarrek aurtengo denboraldirako egin duten mugimendurik interesgarriena agian, iazko jokalari garrantzitsuena izan zen Alvaro Lombera hegal-pibota taldean mantentzea izan da. Inungo dudarik gabe kategoriako jokalaririk onenetariko bat. Gainontzeko taldea kantabriako kalitatezko jokalari ezberdinez osatzen da.

 

Izenak soilik ikusita ez dago dudarik, EBA maila honetako talderik onenetariko baten aurrean topatuko dela Natra Oñati biharko partiduan. Baina aurreko batean aipatu genuen bezela, izenek edo teoriak ez dute partiduak irabazten eta kantxan 40 minutuetan zehar lehiakorra izaten ez bazara, edozein taldek irabazi diezaioke edozeini kategoria honetan.  Izan ere, egundoko plantilla duten arren, ez dute izan liga hasiera ona, 2 partidu irabazi eta 3 galdu dituztelako. Beraz hori izango da biharko partiduetako gakoetako bat entrenatzaile oñatiarrak aitortu digunez: “Irteera indartsu bat egin behar dugu, markagailuan aurre hartu eta beraien urduritasunaz baliatu behar dugu. Gainera garrantzitsua izango da gu izatea jokuaren erritmoaren jabe, izan ere, beraiek oso erritmo altuan eta puntu askotara jokatzea ohituta daude. Hori kontrolatzen badugu partidua irabazteko aukera asko izango ditugu”.

 

PLANTILLA ERREKUPERATZEN

 Natra Oñati taldeari dagokionez, pasaden asteko porrota eta gero, berriro ere garaipenaren bidera itzultzeko asmoarekin joango da taldea, nahiz eta jakitun diren oso partida zaila izango dela. Lesioeri begira jarrita, biharko partidurako Ales Anduaga eta Xabier Odriozola baja izango dira, baina zorionez gainontzeko jokalari guztiak entrenatzailearen aginduetara egongo dira gaur iluntzeko azken saioaren atarian.

 

AUTOBUSA EGONGO DA PARTIDURA JOATEKO

Biharko partiduak kirol arloan daukan interesa argia da. Ligako bi talde indartsuk elkarren aurka jokatutko baitute, baina hau ez da biharko interes puntu bakarra. Izan ere, partidua hartuko duen pabilioia ere ez da atzean gelditzen. Santanderreko Kirol Jauregian jokatuko da partidua. 6000 zaleturentzako tokia duen azken belaunaldiko instalazioa da. 2003.an eraikia eta “La Ballena” bezela ezaguna da (bale baten itxura dauka). Zaletu Oñatiarrek partidua ikustera joateko autobus zerbitzua jarri du klubak. 14:30 irtengo da Correoseko postetxe paretik eta bazkideek doan sartu ahal izango dira autobusera. Partidua bukatu ahalaz bat, autobusa Oñatira bueltan etorriko da.

 

alt

Última actualización el Lunes, 03 de Diciembre de 2012 17:45
 

INJUSTUA DIRUDIEN ARREN, MEREZITAKO PORROTA

Domingo, 25 de Noviembre de 2012 20:54 Aratz Losada
Imprimir PDF

Natra Oñati Aloña Mendik ligako lehen porrota erdietsi zuen atzo Miguel Antonio Robleda taldearen aurka (67-68). Azken segunduan Burgoseko taldeak zortea aldeko izan zuen arren, partidak iraun zituen 45 minutuetan egindako merituak ikusita, garaipen justua lortu zutela esan daiteke. Hori horrela, talde Oñatiarrak garaitezin izatearen meritua galdu du.

alt


Inor gutxik espero zezakeen atzo Zubikoan ikusi zen moduko partida zoro eta ikusgarri bat. Eta ikusgarria esaten dugunean ez dugu ikusi zen joku mailagaitik esaten, azken segunundurarte izan zuen emozioagaitik baizik. Arauzko 40 minutuak 56-56 berdinketarekin amaitu ostean, luzapeneko azken segunduan sartutako saskiratze bati esker, mutu utzi zuten Zubikoako harmaila Burgostarrek.

 

LEHEN ZATIAN ERREZ

Sailkapenean zegoen diferentzia ikusita eta Oñatiarrak orain arte erakutsi zuten nagusitasuna kontuan hartuz gero, partido erreza aurreikusi zitekeen atzokoan. Eta hasieran, bide horretatik joan zen neurketa. Izan ere, gorritxoek joku ikusgarririk egin gabe lehen minutuetatik hasi ziren partida kontrolpean edukitzen. Kosta egin zitzaion erritmoa ezartzea, baina hori lortu zuenean segituan hartu zuten hamar puntu inguruko abantaila oñatiarrek. Eta bide horretatik joan ziren arauzko lehen hogei minutuak. Markagailua kontrolpean, 10-15 puntuko abantailak eta aukera hori baliatu zuen Blanco entrenatzaileak, errotazioari eragin eta ikututa zeuden jokalariei atsedena emateko. Atsedenaldira partidua oso bideratuta joan zen Natra Oñatikoen alde (35-21)

 

ATSEDENALDIAREN OSTEAN LOKARTUTA ETA TENTSIORIK GABE

Bigarren zatia berriz, zoritxarrez guztiz bestelakoa izan zen. Oñatiarrak erabat lokartuta eta tentsiorik gabe kantxaratu ziren eta maila hauetan arreta falta horiek garesti ordaintzen dira. Errebotea menperatu ezinik, erasoan ere ideia garbirik gabe, Burgosekoak poliki-poliki partiduan sartzen hasi ziren eta hirugarren laurdenean garbi ikusi zuten partidan sartu ahal izango zutela. Hori horrela, kanpotik izan zituzten portzentaia bikainak baliatuz, azken laurdenaren hasieran partida berdindu eta markagailua iraultzea ere lortu zuten Miguel Antonio Robledako jokalariek. Oñatiarrek lur jota jarraitzen zuten, burua altsatu ezinik. Azken minutuetan ordea, Zubikoara hurbildu ziren zaletuen bultzada baliatuz –eta ez da lehen aldia- markagailua orekatzea lortu zuten Blancorenek eta azken jokaldietan erabaki zen partidua. Azkenean, ezin izan zuten ez batak ez besteak garaipeneko azken saskiratze hori lortu eta arauzko 40 minutuen amaierara 56-56 berdinketarekin iritsi zen partidua.

 

LUZAPENEAN, NAHI BAINA EZIN

Partida nola jarri zen ikusita ez zen aukera txarra izan luzapena jokatzea. Izan ere, oñatiarrek galduta izan zuten norgehiagoka beste bost minutuz luzatzea lortu zuten eta hori dudarik gabe oñatiarrendako albiste ona zen. Aukera izango zutelako ordura arteko akatsak zuzendu eta bostgarren garaipena etxean uzteko. Dena den, atzo ez zen oñatiarren eguna izan. Atsedenaldiaz geroztik, desagertuta jarraitzen baitzuten eta luzapena ere ildo beretik joan zen. Nahi, baina ezin. Burgostarrek poliki-poliki abantaila hartzen joan ziren eta partidua bukatzeko 1:15 faltan, 7 puntuko abantaila lortu zuten (partidako handiena). Dena bukatuta zirudienean, oñatiarrek barruan daukaten amorrua atera eta zaletuen bultzadari esker, berriz ere partiduan sartu ziren, garaipena ere esku-eskura izan zutelarik. Izan ere, azken segunduetan Iñigo Biainek jaurtiketa libre baten ostean erasoan hartutako errebote eta saskiratze bati esker 67-66 aurretik jarri zituen oñatiarrak. 6 segundu besterik ez ziren gelditzen eta harmailak pozez txoratzen zeudela iritsi zen merezitako zigorra. Oso azkar igaro zuten Burgostarrek zelaia eta jaurtiketa hutsegin ostean, erasoan errebotea hartzea lortu zuten eta azken segunduan Roberto Rodriguez jokalariak 4 metrotatik egindako jaurtiketa loratua oñatiarren saskian sartu eta bertan amaitu zen partidua. Azkenean 67-68 eta Zubikoara hurbildu ziren 500 zaletuek “tonto” aurpegiarekin joan behar izan zuten etxera.

 

IKASI ETA AURRERA BEGIRATU

Lur jota bukatu zuten atzo jokalariek, baina era berean, jakitun ziren gauzak ez zirela batere ondo egin eta autokritika ere egin zuten jokalari batek baino gehiagok. Garbi dago orain arte, sailkapeneko behekaldean dauden taldeek arazo ugari sortu dizkiotela Eneko Blancoren taldeari eta ikasgai honetatik ikasi beharra dagoela ere onartu zuten. Ostiralean Xabo jokalari zarauztarrak abisatu zuen, garaipen eta laudorioei begira geldituz gero, sustoren bat hartuko zutela eta zoritxarrez zarauztarraren aurreikuspenak bete egin ziren. Atzoko porrotak askorako balioko du, batez ere 100% eta aurkariarekiko errespetuz jokatzen ez diren partiduak nekez irabaziko direla erakutsi baitzuen. Dena den, liga hasiera oso ona izan da eta orainarte hain onak izan gabe, orain ere, horren txarrak ez direla erakutsi nahiko dute oñatiarrek datorren larunbatean Santanderren jokatuko duten Estelaren aurkako partiduan.

 

AUPA ALOÑA!!

Última actualización el Lunes, 03 de Diciembre de 2012 17:46
 


Página 4 de 14