Gune pribatua



HARTZAK, OREINAK ETA BASAHUNTZAK ARANTZAZU INGURUAN

Osteguna, [2010/11/25] 20:29etan adminalona
Inprimatu PDF fitxategia

Aloña Mendi Espeleologia Taldekoek orain dela gutxi topatutako leize batean animalia hauen hezurrak aurkitu dituzte.

 

Aloña Mendi beste kirol sailen berri badugu, klasifikazioak, partiduak, golak etab, baina espeleologia taldearen jarduna ez da erraza jarraitzea. Haiekin jarri gara harremanetan lurrazpiko berriak ezagutzeko, eta berriak egon badaude.

Fraidebaso 01 izeneko leizean animalien hezurrak aurkitu dituzte. Leize honen berri Natur Eskolakoen eskutik jaso zuten Aloña Mendikoek. Leizea esploratu gabe zegoen, 20 metroko lehenengo saltoa jaisteko soka behar zen eta. Leizea esploratzen eta topografiatzen ari zirenean, azkeneko galeriaren bukaeran sorpresa ederra zuten zain gure esploratzaileek, hartz baten burezurra oso-osorik eta beste hezur batzuk.

Euskal Herriko Unibertsitateko, Historiaurreko departamentuko arkeologo bati argazkiak bidali eta hau prest agertu zen leizean sartu eta behar den moduan hezurrak jasotzeko. Halaxe egin zuen. Arkeologoak esandakoaren arabera hezur gehienak hartz arrearenak dira, hartz handia, harra eta oraindik gaztea. Beste hartz oso gazte baten hezurrak, urtebetekoa baino gazteagoa zena, agertzen dira ere. Leizeetako hartza (Ursus spelaeus) hartz arrea (Ursus arctos) baino zaharragoa da, baina azkenekoaren datuak urriagoak dira. Leizetako hartza Oñati inguruan oso ezaguna da, Arrikrutzeko haitzuloan aurkituak izan dira ehundaka animalien aztarnak. Animali honek taldeka hibernatzen baitzuen urtero leize berean, ohitura hori zela medio, eta milaka urteak igaro ostean, hildako leizetako hartzen pilaketa handi horiek ezagunak dira Europa osoan zehar. Hartz arrea berriz, bakarka lokartzen da neguan zehar, ondorioz animali honen hezurduren aurkikuntza askoz ere arraroagoak dira. Aurkitutako bi hartzek, bakoitza bere aldetik bi garai desberdinetan sartu ziren kobazuloan..

Lehenengo momentuan, haurdun zegoen eme bat koban sartu, lurrean zuloa industu , habia belarrez egin eta Abendu eta Urtarrila bitartean kume bat edo bi izan zituen. Aztertu ditugun hezurrek erakusten digute hiru hilabete inguru zituen hartz kume bat hil egin zela.

Historiaurreko beste une batean, Har gazte batek, 3-4 urte izan zitzakeena, haitzulo berean sartu zen negua igarotzeko asmoz. Zaila da esatea zergatik hil zen bertan, baliteke gaixotasun baten ondorioz edo hibernazioan zehar gosez hiltzea, udaberri edo udan zehar nahikoa jan ez izateagatik. Kasu hau ohikoena da hartz gazteen artean. Hiru urte dituztela, amaren babesik gabe gelditzen dira eta negua heltzean koipe nahikoa pilatu ez eta gosez hiltzen ziren hibernazioan.

Fraidebaso 01-an Capra pyreinaca pyrenaica (gaztelaniaz bucardo) baten hezurrak ere bazeuden. Azken bucardo-a Pirionetan hil zen 2000 urtean. Gure inguruan, ziurrenik Goi Pleistozeno bukaeran desagertuko zen (orain 10.000 urte), espezie horretaz Euskal Herrian oso datu gutxi omen daude eta honek garrantzia ematen dio aurkikuntzari. Tamaina txikia zeukan orein baten hezurrak agertu ziren, ondorioz emea zela uste dugu. Azkeneko espeziea Rupicapra rupicapra, sarrio-a da, espezie honek egun mendien goi magaletan bizi da.

Fraidebaso 01-an egindako aurkikuntza paleontologiko honek, bere biziko garrantzia dauka Oñati eta Arantzazu inguruan orain direla 10.000 urte inguruko ekosistema ezagutzeko. Basoak haranen beheko aldean egongo ziren, bertan oreina eta hartza biziko ziren urte osoan zehar. Bukardo eta sarrioa berriz, udaberri eta udan mendiko goi larretan elikatuko ziren eta udazkena eta neguan haranetako basoetara jaitsiko ziren urteko garairik latzenetan elikadura lortzeko.

Aurkikuntza hauetaz gain, jakin dugu ere Aloña Mendikoak hiru edo lau kobetan galeria berriak esploratzen ari direla . Lan guztiak bukatzerakoan haien berri izango dugula hitz eman digute, ea horrela lur azpiko sekretuak argitara ekartzen ditugun.

Azken eguneratzea hemen: Asteartea, [2010/11/30] 15:34etan