Patrocinadores

Zona privada



MATEMATIKA KONTUA

Lunes, 19 de Marzo de 2012 07:48 ESKUBALOI
Imprimir PDF

Denboraldiko helburua lortu du Izarraitz Aloña Mendik; mailari eustea, alegia. Igandeko partida irabazi ostean, matematikoki lortu du salbazioa.

Leizaran izan zuen aurkari Aloñak igande goizean, Andoainen jokatutako neurketan. Aurkari zuzenak biak ere. Izan ere, andoaindarrak jaitsiera postuak jokatzen ari dira, eta hamar garren postuan daude, oñatiarrak baino postu bat beherago. Bien artean zazpi puntuko aldea izan arren, matematikak, matematikak dira; eta edozer gerta litekeenez, derrigorrezkoa zuen partidu hau irabaztea Aloñak. Eta hala egin zuen; oso justu, baina garrantzizko bi puntuak etxera ekarri zituen.

Jokalari garrantzitsuak falta zitzaizkien oñatiarrei. Beharbada, horien falta gehiegi sumatu zen, beste batzuetan baino gehiago akaso. Neurketa bera baina, ongi hasi zuten oñatiarrek. Lau goleko errenta eskuratu zuten hasieran eta horrela jarraitu zuten ia partidu guztian.

Defentsako zenbait akats, eta eraso pare bat huts egin ostean baina, andoaindarrak hurbildu egin ziren markagailuan atsedenaldira iristeko minutu gutxiren faltan. Horrek baina, ez zuen Aloñako jokalariak urduritu eta lehen zatiaren hasieran bezalaxe hasi zuten bigarrena ere.

Lehenago aipatu bezala, jokalari nabarmenak falta zitzaizkien oñatiarrei eta horien falta sumatu egin zuten kantxan. Partida amaieran, markagailuko aldea txikia zen; bi goleko aldea gehienez ere. Eta leizaranentzat ere partida garrantzitsua zenez, jokalariek guztia eman zuten amaiera arte. Gauzak horrela, neurketaren azken minutuak urduritasun handikoak izan ziren; tentsio handia bizi izan zen.

Azkenerako baina, gutxieneko alde horri eustea lortu zuen Aloñak. Gol bateko errentarekin, bi puntuak Oñatira eraman zituzten. Amaieran bada, Leizaranek 28-29 Izarraitz Aloña Mendik.

Nabarmentzekoa da, berriz ere, Aitor Billar eta Ander Varela jubenilek jokatutako partida ikaragarria. Modu batean esan daiteke, beraiei esker irabazi zuela Aloñak. Nabarmentzekoa da baita ere baina, Aitor Aranbururen geldiketa. Partidaren azken txanpan, oso penalti garrantzitsu bat gelditu baitzuen.

Partida honek emandako ondorioak argiak dira oso. Alde batetik, denboraldiko helburu nagusia beteta dagoela. Eta bestetik, hurrengo denboraldian Aloñak izango duen taldeak, ilusioa eta zer esan handia pizten duela. Atzetik datozen gazteak, gogotsu eta indar askorekin datoz, eta taldearen etorkizunerako, albiste benetan garrantzitsua da hori.

Hiru partidu besterik ez dira geratzen aurtengo denboraldia amaitzeko. Ea ba Aloñak itxiera eder bat ematen dion denboraldiari.