Patrocinadores

Zona privada



ITZALAK ETA ARGIAK, DENBORALDIKO AZKEN NEURKETAN (38-37)

Lunes, 23 de Abril de 2012 06:34 adminalona
Imprimir PDF

Liga txapelketako azken partida jokatu zuen Aloñak. Donibane izan zuen aurkari, Pasaian bertan. Sailkapenean inongo ondoriorik izango ez zuen partida zen. Aloñak dagoeneko salbazio matematikoa eskuratua baitzuen jardunaldi batzuk lehenago; eta Donibanek berriz, maila galdua. Neurketa honek baina, zer esan asko izan du oñatiarrentzat, gauza on eta txarrak ikusi ahal izan baitziren larunbatean.

Partiduari dagokionez, berdintsua izan zen. Momentu oro oso gol gutxiko aldea izan zuten bi taldeek markagailuan. Erritmo handiko partida izan zen; horren erakusle da bi taldeek sartutako gol kopuru anitza. Joko aldetik baina, eskas ibili ziren bi taldeak. Donibanek pibotearekin min handia egin zien oñatiarrei, eta askotan huts larriak egitera behartu ere bai. Aloñari dagokionez, baloia ongi mugitzen zuten alde batetik bestera, zirrikituak nahiko erraz aurkituz.

Defentsa izan zen gakoa. Kosta egin zitzaion Aloñari donibaneko piboteari eustea; berak sartu baitzuen golen erdiak. Donibanek beti jokaldi bera egin arrez, ezin Aloñak. Horrela izan zen partidaren 60 minutuetan. Neurketaren azken txanpan baina, aurretik jarri ziren pasaiarrak. Eta bizpahiru segundu falta zirenean, zelai erditik sartu zuen Aloñak gola. Ez zuen baina baleko eman epaileak, eta beraz, amaieran, Donibanek 38-37 Aloñak. Ezin ligari amaiera borobil bat eman.

Hori izan zen beharbada partidako albisterik txarrena; emaitza eta defentsan erakutsitako makaltasuna. Beste aldetik baina, albiste onak ere eman zituen. Denboraldiko azken partida izanda, eta kopa gain-gainean izanda, lau jubenilek jolastu baitzuten partidua: Jokin Ugarte, Gorka Santos, Aitor Billar eta Ander Varelak, hain zuzen ere.

Azkenaldian aipatu bezala, nabari da aro berri bat hasiko dela senior mailan. Harrobitik igoko diren mutilek, izugarriko kalitatea dutela erakutsi dute. Eta horrek, ilusioa piztu du taldean; etorkizun bikaina baitu aurretik.

Hala erakutsi zuten larunbatean ere. Minutu asko jokatu zituzten lau jokalariek, eta primeran gainera. Aitor Billar eta Ander Varelak bederatzina gol sartu zituzten; atera kontuak. Gainontzeko biena ere, aipatzeko modukoa izan zen. Jokin Ugartek esaterako, aurrenekoz jokatu zuen goreneko taldearekin.

Argi dago partida kaskarra jokatu arren, taldek denboraldiko helburua lortuta dagoela; mailari eustea, alegia. Denboraldi gogorra izan da aurtengoa. Jokalari kopuru aldetik, oso txikia izan du hasieratik eta horrek nabarmen eragin dio taldeari. Balantzea baina, positibotzat hartu behar da. Jokalariek berriz ere, primeran defendatu baitute Aloñaren kamiseta han eta hemen. Momentu bakoitzeko dena emanez; eta hori zoriontzekoa da.

Aurtengoa amaitu da, eta etorkizunerako ateak ireki dira dagoeneko. Bidea egitea falta da orain, eta hori, kopan egiteko aukera izango dute oraingo zein harrobitik igoko diren jokalariek.

Zorterik onena izan dezala taldeak aurrerantzean.