Zona privada



LEHEN ITZULIKO AZKEN GELTOKIA, SANTANDER

Sábado, 26 de Enero de 2013 23:34 Aratz Losada
Imprimir PDF

Urtarrileko azken asteburua iristearekin batera, amaituko da EBA mailako lehen itzulia. Gogoangarria izan da Oñatiarrentzat eta orain arte lorturiko nota ezinhobea izan bada ere, bihar arratsaldean aukera paregabea izango du Eneko Blancoren taldeak, itzulia bikain-borobil batekin bukatzeko. Izan ere, garaipena lortuz gero, lehen 11 jardunaldietan partida bakarra galduta iritsiko litzateke talde txokolateroa ligako ekuadorrera. Pas Pielagos eta Natra Oñatiren artekoa, jardunaldia itxiko duen partidua izango da, eta arratsaldeko 6etan jokatuko da, Santanderreko Fernando Expósito polikiroldegian.

alt

 

Nork esango luke irailean, lehen itzulia amaitzeko jardunaldi bat faltan, Natra Oñati egun dagoen egoeran egongo litzatekeela. Zaletu positiboenek ere, ez zuten aurreikusiko horrelako denboraldi borobil bat, baina hauxe da egungo errealitatea eta talde oñatiarra hor goian egotea ez da kasualitate hutsa izan. Lehenik eta behin, uda sasoian klubak egin zuen ahalegina azpimarratu beharra dago, taldea indartzeko ekarri diren jokalariekin asmatu egin baita. Bestetik, entrenatzaileak orain arte erakutsi duen adorea ere azpimarratu beharra dago. Blancorentzat entrenatzaile gisa izan duen lehen esperientzia "serioa" izan da aurtengoa eta orain artean, plantilla oso ondo kudeatzen jakin izan duela erakutsi du. Egia da kalitate handiko jokalariez osatzen dela taldea eta orain artean, momentu txar gutxi izan direla, baina hile guzti hauetan patxada eta nortasun handiko entrenatzailea dela erakutsi du. Eta amaitzeko, jokalari bakoitzak bere papera zein den garbi izateak eta momentu oro, arlo indibidualean pentsatzen aritu baino, arlo kolektiboan pentsatu izanak, egin du handi taldea.

Baina hemendik aurrerakoak ez dira horren errazak izango. Eta honekin ez dugu esan nahi orain artekoak errazak izan direnik, baina behin hor goian kokatuta egoteak eta guztien ahotan egoteak presio extra bat eragingo dio taldeari. Eta errealitate horrek, ezartzen duen zama bizkar gainean eramatea, aurrerantzean taldeak izango duen erronka nagusiena izango da. Hemendik aurrera, jokatuko diren partida guztietan "faborito" papera erantsiko digute aurkari guztiek eta laudorioak besterik ez ditugu entzungo. Baina era berean, jokatzen ditugun partida guztietan, aurkariak motibazio extra bat izango du kategoriako "oilarra" menperatu ahal izateko. Beraz, aurrerantzean fisikoki eta taktikoki ondo egotearekin ez da nahikoa izango. Humiltasuna, errespetua, hankak lurrean izatea eta batez ere, etorriko diren momentu txar horietatik indartsu irtetzeko, psikologikoki talde sendoa izatea ezinbestekoa izango da falta diren 12 partidetan ezusteko handirik ez jasotzeko. Eta lehen erronka serioa biharkoa izango da, inongo dudarik gabe.

 

TALDE OSO ARRISKUTSUA

Bihar arratsaldeko partidua oso partidu arriskutsua izango da Blancoren mutilentzat. Bereziki bi faktoregaitik. Alde batetik, bidaia luzea eta igandea arratsaldean jokatu beharra edukitzeagaitik eta bestetik, Fernando Exposito pabilioian topatu dezaketen giro arrotzagaitik. Oñatiarrak ez daude ohituta igande arratsaldetan jokatzen eta orain artean etxetik kanpoko partiduetan pabilioi erdi hutsetan jokatu izan dute. Eta liga honetan zaletu beroak badaude, Oñatiko zaletuak eta Pas Pielagosen zaletuak dira inungo dudarik gabe. Bi kiroldegiak jardunaldiro betetzen dira eta etxean jokatzen duen taldeak, ondo asko daki zein garrantzitsua den seigarren jokalariaren presentzia hori.

alt

 

Guzti honi Pas Pielagosen potentziala gehitu behar zaio. Ez dute liga oso erregularra osatu, baina hasieran, zaletu askoren kinieletan agertzen zen talde kantabriarra sailkapenean goian egoteko talde gisa eta horrek erakusten du momentua ona ez den arren (3 garaipen eta 7 porrot), edozein momentutan suspertu daitekeen taldea dela. Beraz, beti bezala, oso garrantzitsua izango da partidaren erritmoa kontrolatu eta bereziki aurkariari errespetu handia izatea, biharko lehiatik zerbait positibia atera nahi bada.

 

ARAZOAK ASTEAN ZEHAR

Natra Oñatiri dagokionez esan, Blanco entrenatzaileak arazo ugari izan dituela astean zehar. Asier De la Iglesiaren bajari -bihar ere ez du jokatuko-, Imanol Ceciaga eta Xabier Odriozolaren arazoak gehitu zaizkio eta atzo iluntzeko azken lan saiorarte, ezin izan du talde osoarekin entrenatu. Dena den, klubetik konfirmatu dutenez, du bai Imanol eta baita Xabier ere, biharko partida jokatzeko prest izango dira. Jokalariak eguerdiko 14:00 irtengo dira postetxe pareko geltokitik eta partidua bukatu ahalaz bat itzuliko da espedizioa oñatira.

Zuzendaritzatik gogoraratu nahi da, bazkideek DOAN joan ahal izango dutela taldeko autobusean eta bazkide ez den horrek ere 3€ ordainduta Santanderreko partidura joan ahal izango da.

 

AUPA ALOÑA!! 

Última actualización el Lunes, 28 de Enero de 2013 19:42