Zona privada



ONDO LANDUTAKO GARAIPENA

Lunes, 28 de Enero de 2013 00:24 Aratz Losada
Imprimir PDF

Ondo landutako garaipena lortu du gaur arratsaldean Natra Oñati Aloña Mendik, Renedon jokaturiko lehen itzuliko azken partiduan. Bigarren laurdentxotik aurrera, markagailuan aurre hartu dute eta azken laurdenean kantabriarrek asko estutu duten arren (63-65 hiru minutu faltan), merezitako garaipena lortu dute Oñatiarrek (70-79). Lehen itzulia hamar garaipen eta porrot bakarrarekin amaitu du Blancoren taldeak.

alt

 

Jakinekoa zen gaurko partidua irabaztea ez zela batere erreza izango, eta aurreikuspenak bete egin dira. Pas Pielagos taldeak oso indartsu hasi du partidua. Zonakako defensa gogorra eginez, Blancoren mutilak oso deseroso aurkitu dira lehen minutuetan. Erasoan kamuts eta defentsan ere erraztasun ugari emanez. Hori horrela, laurdentxoa amaitzeko minutu eta erdi faltan, etxekoak 16-12 jarri dira markagailuan eta entrenatzaile oñatiarrak hutsartea eskatu beharra izan du Pielagosekoen dinamika positiboa apurtzeko. Zorionez, hutsarteak eragin zuzena izan du jokalariengan, bi defensa gogor eta bi eraso bikainekin laurdentxoa 18-16 bukatu delarik.

 

ALDAKETA BIGARREN LAURDENTXOAN

Lehen laurdena ez da batere ona izan, baina bigarren laurdentxotik aurrera gauzak erabat aldatu dira. Oñatiarrek beraien erritmoa ezarri dute eta defentsan eginiko lan onari Iagoba Gamarraren momentu beroa gehitu zaio. Bigarren zati hasieran hegaleko atxabaltarrak hiru hiruko sartu ditu jarraian eta partiduko lehen abantaila zabaldu du oñatiarren alde. 5-11ko partzial bati esker atsedenaldirako lau minutu pasa falta zirenean Natra 23-38 jarri da aurretik eta hortik aurrera, poliki poliki atzeko linea sendo mantenduz eta erasoan aukera egokiak baliatuz, abantaila zabaldu eta ordura arte lortutako abantailarik handienarekin iritsi da partidua atsedenaldira (28-38).

 

ABANTAILA HANDITU

Hirugarren laurdenean Blanco entrenatzaileak zonakako defensa erabili du beraien erasoko joko arriskutsua gelditzeko eta egia esan, erabat asmatu du aukeraketa horrekin. Kantabriarrek egundoko arazoak izan dituzte saskiratze errezak lortzeko eta oñatiarrek aldiz, defentsan lan ona eginez, konfidantza lortu dute erasoan egoki jokatzeko. Eta erasoan, bereziki berriz ere Ander Garciak izan dituen minutu onak aipatu behar dira. Lehen zatian agian ez da oso eroso ibili, baina bigarren zatian bereak eta bi egin ditu (ikus estatistikak). Laurdena, 10-15 bitarteko diferentzietan mugitu da, baina azken minutuan oñatiarren lasaitasuna baliatuz, Pas Pielagosekoak 5-0 partzial bat sartu eta 41-55 bukatu da laurdentxoa.

alt

 

ETXEKOEN ERALDATZEA

Partida nahiko ondo irabaziko zela zirudienean, azken 10 minutuetan erabat aldatu da norgehiagokaren norantza. Etxekoak, zaletuek ematen zuten  aupadaz baliatuz, oso oldarkor hasi dute laurdena eta oñatiarrak eraba ito dituzte. Lehen minutuan egindako  6-0 partzialari esker, 47-54 hurbildu dira markagailuan eta partidua irabazteko gai zirela sinestu dute. Eskerrak berriz ere, Ander Garciaren figura agertu dela. 7 puntu jarraian sartu ostean, arnas pixka bat eman baitio taldeari 5 minutu faltan 51-61 markagailua ezarriz. Dena den, partidua ez da hor amaitu. Etxekoek hutsarte batekin apurtu dute oñatiarren erreakzioa, eta erabat indarberrituta irten dira partidaren azken txanpara. Kanpoko jokalariak era guztietako saskiratzeak lortzen hasi dira eta hiru minuturen faltan 63-65 hurbildu dira markagailuan. Harmaila sutan zegoen, pozik eta taldea ikaragarri aupatuz, partida irabazteko kapaz ikusten baitziren, baina hor agertu da enegarren aldiz, Natra liderraren irmotasuna. Josean Cavadak hiru errebote garrantzitsu hartu eta jaurtiketa libre batzuk gauzatu ondoren, 63-68 jarri du markagailua. Arnas pixka bat hartu du taldeak eta zorionez azken bi minutuak oso ondo kontrolatu ditu talde gorritxoak. Azkenean, ondo izerditutako garaipena lortu du Blancoren taldeak Renedon 70-79.

 

DATORREN ASTEAN, FINALA DONOSTIAN

Lehen itzulia amaituta, Natra Oñati da ligako lider sendoa. Jokatu diren hamaika partidetatik, hamar garaipen eta porrot bakarrarekin sailkapenaren goikaldean tinko jarraitzen dute. Momentuz bi garaipeneko aldea daukate bigarren sailkatua den Easo Pastas taldearekiko eta kasualidadez datorren astean indarrak neurtuko dituzte gipuzkoarren arteko derbi ikusgarrian. Donostiarrak oñatin 20 puntugaitik galdu zuten, baina momentu hauetan gauzak asko aldatu dira. Lehen bi sailkatuen partidua, jardunaldiko partidua izango da zalantza izpirik gabe. Natrak garaipena lortzen badu, lehen postua ondo lotuta utziko luke eta Donostiarrek garaipena lortuz gero, emozioa nagusituko da sailkapeneko lehen postu horren lehian.

 

Partidako estatistikak: http://competiciones.feb.es/estadisticas/Partido.aspx?p=1035312

 

AUPA ALOÑA!!

 

Última actualización el Jueves, 31 de Enero de 2013 18:20