Zona privada



baloncesto

BOSTGARRENAREN BILA, BAINA KONFIDANTZARIK GABE

Viernes, 23 de Noviembre de 2012 17:35 Aratz Losada
Imprimir PDF

Natra Oñati Aloña Mendi taldea da EBA ligan jokatu diren lau partiduak irabazi duen talde bakarra eta zenbaki ohiei esker, bere multzoko lider sendo izaten jarraitzen du talde oñatiarrak. Bihar, larunbata, 18:00etan Burgosko Miguel Antonio Robleda taldearen aurka jokatuko dute Zubikoan, 5. jardunaldia irekiko duen norgehiagokan.

alt

Denboraldiko momenturik gozoena igarotzen ari da Natra Oñati taldea. eta jokaturiko lau partidak irabazita, ligako lidertzan tinko jarraitzen dute oñatiarrek. Txapelketa hasieratik jakinekoa zen aurtengo plantilla gauza onak egitera deitua zegoela, baina maila honetan dagoen berdintasuna ikusirik, inor gutxik espero zezakeen horrelako liga hasiera bat. Etxean lehiakorrak izanda, eta Zubikoa betetzen duten jarraitzaileen bultzadari esker, partidak aurrera atera zitezkeela aurreikusi zitekeen, baina etxetik kanpoko bi neurketetan talde gorritxoak eman duen maila harritzekoa izan da. Ez taldearengan sinisten ez delako, aurkarien kalitateak eta izenak kontrakoa adierazten baitzutelako, alegia. Natra Oñati, Santurtzi eta Zornotza bezelako kantxa gogorretan irabazteko kapaz izan da eta horrelako balentriek talde honen maila agerian uzten dute.

 

Dena den, orain arte lortutakoa iragana denez, oso garbi dago saskibaloia bezelako kirol lehiakor batean egunerokoak soilik balio duela. Izan ere, orain arte lortutako emaitzek aurrerantzean jarraipenik ez badute, inor gutxik baloratuko ditu etorkizunean. Horretarako lanean aritu da talde oñatiarra bukatzear dagoen aste honetan. Zornotzan lortutako garaipenak oihartzun handia sortu duela badakite, baina horrek ez die lorik kentzen eta dagoeneko partida hura ahaztuta daukatela baieztatu digu astean zehar Xabok: “Egia da Zornotzan egunduko partida borobila egin genuela, baina horri begira gelditzen bagara seguraski bihar sustoren bat hartuko dugu”. Adierazpen hauek garbi uzten dute Aloñaren filosofía zen den. Partiduz partidu bizi eta asteburuko partiduan soilik zentratu, kanpotik jasotzen diren laudorioak alde batetara utziz.

 

ARAZO FISIKOAK PROTAGONISTA

Miguel Antonio Robleda taldearen aurkako partida prestatzerako orduan, berriz ere zailtasun ugari izan ditu entrenatzaile oñatiarrak. Astelehenean ezin izan zuten kantxanentrenatu, marrak pintatzen ari zirelako eta gaur arratsaldeko azken entrenamenduaren atarian, plantilla herenak ezin izan du normaltasunez entrenatu. Ales Anduaga, bizkarreko arazoekin eta Xabier Odriozola abduktoretako zaintiratu batekin baja izan dira astean zehar eta bihar ere ezin izango dute jokatu. Asier De la Iglesiak ere belauneko lesioko errekuperazio prozesuarekin jarraitzen du eta gaur egingo duen azken proba batek baieztatuko du biharko patidan jokatzeko moduan dagoen edo ez. Hala ere lesioa larritu ez dadin, beharrezkoa ez bada bihar ere ez duela jokatuko adierazi digu pibot zumarragarrak. Azkenik, aipatu Ander Garcia hegaleko Bergararrak ere pasaden asteburuan sudurrean hartutako kolpe gogorraren eraginez ezin izan duela entrenatu eta gaur ikusiko da biharko lehian izango den edo ez. Dena den, azken kasu honetan badirudi Anderrek ez duela hutsik egingo biharko egunean.

 

alt

 

AURKARIA EZ DA ERRENA IZANGO

Jardunaldi honetako aurkaria, Burgoseko Miguel Antonio Robleda taldea izango da. Teorian talde Oñatiarrak baino plantilla okerragoa dauka baina teoria hoiek ez dira beti praktikan jartzen kantxa gainean. Horregaitik, sailkapeneko bederatzigarren postuan aurkitzen diren arren, garaipen bakar bat eta hiru porrotekin, kontutan hartzeko moduko taldea dela aipatu daiteke. Nabarmentzeko jokalarien artean Txomin López (2,04) pibota aipatu beharra dago. LEB ligetan esperientzia handia duen jokalaria da eta iaz ACB mailako Valladolid taldean hasi zuela denboraldia. Berarekin batera, nabarmendu daitezkeen beste bi jokalari Adrián Arnaiz (2.03) pibota eta Alvaro Gómez (1,94) hegalekoak dira. Lehena orainarte taldeko portzentaia onenak dituena da (hiruko jaurtiketetan %44 portzentaia) eta bigarrenak berriz oso eskumutur fina dauka (ikusi besterik ez iaz Zubikoan emandako ikuskizuna, 4 hiruko bata bestearen atzetik sartuta).

 

LANKIDETZA AKORDIOA ETA ZOZKETAK

Bukatzeko, aipatu, bihar bi nobedade ikusi ahal izango direla Zubikoan. Alde batetik, orain arte jokalekua mugatzen duten marren koloreen aldaketa. Izan ere, orain arte saskibaloi kantxaren marrak urdin eta beltz kolorekoak izan dira. Bihartik aurrera ordea, Espainiako federakuntzako arautegira moldatuta, jokalekua mugatzen duten marra guztiak txuriak izango dira.

 

Bestalde, biharko beste nobedadeetako bat zozketetan ikusi ahal izango da. Orain arte, partida guztietan urdaiazpikoa, Natra-ren bost pack, Sustrairen merienda osasungarria eta Urresportek emandako kirol materialari beste zozketa bat gehituko zaie. Aste honetan bertan Natra Oñati eta Saski Baskonia akordio batetara iritsi dira eta hemendik aurrera talde Oñatiarrak Caja Laboralek etxean jokatuko dituen partida guztietarako sarrerak banatuko ditu bazkideen artean. Biharko partiduan, Igandeko Caja Laboral-Unicaja eta datorren asteko Euroligako Armaniren partidurako bina sarrera bikoitz banatuko dira. AUPA ALOÑA!!

Última actualización el Lunes, 26 de Noviembre de 2012 18:03
 

IKUSKIZUNA LARREA POLIKIROLDEGIAN

Domingo, 18 de Noviembre de 2012 14:07 Aratz Losada
Imprimir PDF

Kolpe haundia jo zuen mahai gainean atzo Natra Oñatik Amorebietan jokaturiko neurketan. Barneko jokoan zeukan hutsuneei aurre egiteko kapaz izan ziren Blancorenak eta lehen minututik azken minuturarte nagusi izan ziren partiduaren alor guztietan. Aipatzekoa Ander Garciak lehen bi laurdenetan eman zuen ikuskizuna, bizkaitarrak zoratu egin zituen hegaleko Bergararrak.

 

alt

Última actualización el Lunes, 26 de Noviembre de 2012 18:03 Leer más...
 

ZAILTASUN UGARI ASTEBURUKO NEURKETARAKO

Viernes, 16 de Noviembre de 2012 11:42 Aratz Losada
Imprimir PDF

Bihar bertan abian jarriko da EBA mailako 4. Jardunaldia. Natra Oñati Aloña Mendi taldeak, ligako talde indartsuenetariko baten kantxan jokatuko du. Izan ere, Eneko Blancoren mutilek, Zornotza taldeari bisita egingo diote bihar arratsaldeko 18:00, Larreako polikiroldegian jokatuko den jardunaldiko partidarik interesgarrienean.

 

alt


Aditu askoren esanetan, ligan dauden talderik hoberenetarikoak dira Natra Oñati eta Zornotza eta biek ala biek, argi erakutsi dute denboraldi hasieran, sailkapenean goian egoteko moduko plantillak dituztela. Oñatiarrak lider sendo dira, jolasturiko hiru neurketak irabazita eta bizkaitarrak berriz, bi garaipen eta porrot bakarrarekin, lidertzatik garaipen bakarrera aurkitzen dira.

 

LESIO ETA ARAZO UGARI

Kirol arloan gauzak ezin hobeto doazen arren, ezin daiteke berdina esan, taldearen arlo fisikoari buruz. Eneko Blanco entrenatzailea, zailtasun ugarirekin topatzen ari da azken asteetan lan saioak osatzerako orduan. Izan ere, taldeko jokalari asko arazo dexentekin ari dira azkenaldian.

Biharko partidari begira, taldea erabat ikututa iritsiko da Zornotzara. Iñigo Biain eta Ales Anduaga, arazo ezberdinak tarteko baja seguru izango dira. Iagoba Gamarrak ere iskiotibialetako arazo batekin, azken bi partiduetan ezin izan du jolastu eta biharko neurketarako ere, iristekotan oso justo iritsiko litzateke. Xabier Odriozola pibot azkoitiarrak ere sorbaldako arazo batekin ezin izan du astean zehar entrenatu eta gaurko azken lan saioan pasako du azken test bat, biharko iritsiko den edo ez jakiteko.

Eta hau dena gutxi balitz, azken aste honetan beste arazo larri bat gehitu zaio taldeari. Taldeko erreferente eta izarretako bat den Asier De la Iglesia pibotak ere belauneko arazo batekin ez baitu aste osoan entrenatu eta biharko partidurako iristea oso zaila izango du. Beraz, oñatiarren taula azpiko jokua oso erren iritsiko da biharko norgehiagokara. Hori horrela, junior eta bigarren taldeko hainbat jokalari ibili dira astean zehar entrenatzen eta ziurrenik biharko deialdian bat edo beste ere sartu beharko ditu entrenatzaile oñatiarrak.

alt

 

SAILKAPENAK EMATEN DUEN KONFIDANTZA APROBETXATU

Taldea erabat baldintzatuta dagoen arren, entrenatzaileak ez du aitzakiarik topatu nahi eta denboraldi hasiera bikainak ematen duen konfidantza erabili nahi du taldea motibatu eta biharko lehia irabazi ahal izateko: “Partidu oso zaia izango da biharkoa, Zornotzak beharbada ligako talderik onena dauka. Oso plantilla luzea, kalitate eta esperientzia handikoa eta jokalari batzuk LEB mailan aritutakoak dira. Lehenengo postuetan egongo den taldea da, kontrakoa sorpresa haundia izango litzateke. Horregatik, etxean jokatu zuten lehen partidua galdu zutela ikusita, ezin dute berriro huts egin eta gogo handiz ekingo diote partiduari. Gu berriz oso egoera erosoan gaude, orain arteko 3 partiduak irabazita, beraz asko irabazteko eta galtzeko gutxi daukagu. Gauzak ondo egiten ahaleginduko gara, taldea badaukagu eta horretarako. 40 minutuetan lehiakorrak izaten bagara eta gure nortasuna erakusteko kapaz izaten bagara, irabazteko aukera asko izango ditugu”.

Última actualización el Lunes, 19 de Noviembre de 2012 17:58
 

LANDUTAKO GARAIPENA, LIGAKO KANTXARIK ZAILENETARIKO BATEAN

Martes, 06 de Noviembre de 2012 16:31 Aratz Losada
Imprimir PDF

Horixe da hain zuzen ere pasaden larunbateko garaipenetik Natra Oñatiko jokalariek ateratzen duten ondoriorik garbiena. Partida oso serioa jokatu zuen talde Oñatiarrak eta batez ere, defentsan egindako lan ona eta hiruko marratik erakutsiriko abileziak (%60ko portzentaia), eraman zuen balantza txantxikuarren aldera.

Hasiera hasieratik kantxaratu zen ondo taldea eta lehen minutuan ezustean harrapatu zuen talde bizkaitarra, 0-6ko partzial batekin. Hori izan zen lehen laurdenaren dinamika. Atsedenaldirarte, dinamika horietan mugitu zen partidua. Natra Oñatik joku maila eta erritmoa mantendu zuen eta sei puntuko aldeaz joan ziren Blancorenak aldageletara (33-39).

BIGARREN ZATIA GOGORRAGOA

Atsedenaldiaren ostean, ondo jarraitzen zuen talde Oñatiarrak. Hala ere, markagailuan beti aurretik joan ziren arren, ez zuten partidua apurtzerik lortu eta horrek etxeko taldea berpiztea ekarri zuen. Azken laurdenean, etxekoak markagailuan gertu ikusi zirenez, azken ahalegin bat egin, eta oñatiarren akatsak baliatuz, markagailua berdintzera ere iritisi ziren 6-0 partzial bati esker. Partiduak bizkaitarren aldeko kolorea hartuko zuela zirudienean, Oñatiarren esperientzia eta landutako jokuak, berriz ere abantaila txiki bat eman zion taldeari eta azken segunduetara hiru puntuko abantailaz iritsi zen Aloña Mendiko taldea.

Santurtzik hiruko jaurtiketa batekin partidua luzapenera eramateko aukera izan zuen, baina jaurtiketa ez zuten baliatu eta hor amaitu zen bizkaitarren garaipenerako aukera. Azkenean, jaurtiketa libre batekin bi puntutara hurbildu ziren baina horrela amaitu zen lehia oñatiarren alde (70-72).

LIDER BAINA AURRERA BEGIRA

Jokaturiko bi partidak irabazita, Natra Oñati Aloña taldeak sailkapeneko lehen postuan jarraitzen du Universidad de Valladolid taldearekin berdinduta. Dena den, bai jokalariek eta baita entrenatzaileak ere, hankak lurrean daukate eta pasaden urtean bizi izandakoa gogora ekarrita, oraindik ezer berezirik egin ez dutela adierazi zuen Blancok partida amaieran, “liga hasiera oso ona izan da, baina gogoan daukat iaz ere horrela hasi ginela eta gero ia 3 hilabete luze egon ginen partiduak irabazi gabe. Beraz, lanean jarraitu beharra dago, orain arteko maila mantendu nahi badugu”.

Hurrengo erronka, larunbatean bertan izando du Blancoren taldeak. Salamancako C.B. Tormes etorriko baita bisitan Zubikoara.

alt

Última actualización el Lunes, 19 de Noviembre de 2012 17:57
 

GARAIPEN BIKAINA DENBORALDIA HASTEKO

Lunes, 29 de Octubre de 2012 16:53 Aratz Losada
Imprimir PDF

Larunbatean hasi zen EBA mailako denboraldi berria eta Natra Oñati Aloña Mendi taldeak, garaipen bikaina lortu zuen Easo Pastas Arruabarrena talde donostiarrari 20 puntuko aldeaz irabaziz. Lehen jardunaldia osatu denean, talde Oñatiarra da EBA mailako lehenengo liderra.

alt

Uste baino errazago irabazi zuen larunbatean Natra Oñati taldeak. Eneko Blancoren mutilek lehen minututik garbi utzi zuten partidua eta garaipena etxean nahi zutela eta momentu oro partidua kontrolpean izan zuten. Partiduko lehen minutuetan eginiko defentsa gogorrari esker, azkar hartu zuten abantaila markagailuan eta lehen hamar minutuak bukatu orduko, 11 puntuko aldea zeukan talde gorritxoak 21-10.

Bigarren laurdentxoa ere, bide berdinetik joan zen. Natra Oñatikoak erritmoa ezarriz eta poliki-poliki aldea handituz joan ziren. Batez ere, barruko jokoan erakutsi zuten nagusitasuna eta bertatik hasi zen lehia apurtzen. Donostiarrak ez zuten beraien egunik onena izan, baina agian oñatiarren meritua ere izan daiteke. Izan ere, errebotean eta joku fisikoan alde nabarmena lortu zuten Blancorenek. Atsedenaldirako partidua ia erabakita zegoen, izan ere, lehen 20 minutuak jokatu zirenean 40-24 emaitza adierazten zuen Zubikoa kiroldegiko markagailuak.

Hirugarren laurdenean, partidua oraindik gehiago apurtu zen Oñatiarren alde. Donostiarrak ez ziren gai errebotea kontrolatzeko eta Aloña Mendik barruko jokoan oinarrituta min handia egiten jarraitzen zuen ia 30 puntuko abantaila lortu zutelarik (64-35).

Markagailuan zegoen aldea ikusita, sarri gertatzen ohi den bezela, oñatiarrak erlaxatu egin ziren. Blanco jokalariak aldatzen hasi zen eta aukera hau baliatu zuten donostiarrek markagailua txukundu eta kontran izan zuten aldea murrizteko. Partidua 70-50 emaitzarekin amaitu zen eta bi taldeek egindako merituak kontutan hartuta ,emaitza justua izan zela esan daiteke.

HARMAILAK BETETA
Lehen jardunaldia izanda, dudaren bat edo beste zegoen Aloña Mendiko zuzendaritzan zaleen erantzuna nolakoa izango zen jakiteko. Baina beste behin, Oñatiko zaleek ez zuten hutsik egin eta garbi utzi zuten kategoriako zaleturik onenak direla, Zubikoako harmailak lepo betez. 500 ikusletik gora izan ziren etxekoen lehen garaipenaren testigu. Aipatzekoa partidu amaieran, kantxan ikusi zen irudia. Ehun neska-mutikotik gora, jokalariak mirestuz, argazkiak ateratzen, sinadurak eskatzen...txapela kentzekoa!!

alt

AURRERA BEGIRA HURRENGOA, SANTURTZI
Lehen garaipena lortuta, aurrera jarraitu beharra dago. Iraganak ez dauka baliorik kirol honetan eta orain etorkizunera begira jarri beharko dute Blancorenek. Astean zehar hiru lan saio osatuko dituzte, larunbatean Santurtziren aurka jokatuko duten bigarren jardunaldia ahal den hoberen gertatu nahian. Talde bizkaitarrak Pas Pielagos taldea mendean hartu zuen atzo (76-78) eta sailkapenean berdinduta iritsiko dira bigarren jardunaldian. Partidua El Puerto izeneko kiroldegian jokatuko da 18:45etan. Talde bizkaitarrak daukan plantilla ikusita partidu oso zaila izango dela adierazi digu Blancok.

Última actualización el Miércoles, 07 de Noviembre de 2012 17:54
 


Página 5 de 14