Zona privada





Saskibaloi historia

Martes, 08 de Junio de 2010 16:47 administrador
Imprimir PDF

Saskibaloi Saila 1985ean sortu zen historiako lehenengo kadete mutilen taldearekin orduko aintzindari batzuen eskutik. Talde honek Gipuzkoako txapelketan parte hartu zuen emaitzak oso gorabeheratsuak izan zituelarik, batez ere, entrenatzaileen formakuntza baxua zelako eta entrenamendu egokietarako ohiturarik ez zegoelako herrian. Baina, NBA bezalako Txapelketa erakargarri eta ACB ligako taldeen oihartzunari esker, saskibaloiarekiko zaletasuna astiro-astiro handituz joan zen.

 

Belaunaldi berri bat heltzen da saskibaloira, zeinak historiako lehenengo txapelketa lortzen du: Gipuzkoako Jubenil mailako Kopa 1990. urtean. Talde honetako kide asko maila altuagotan jolastera heltzen da, hala nola, orduko Bigarren Maila Nazionala (ACB liga ospetsua baino bi maila beherago) edota datorren urtetan Lehenengo Maila Probintzialian eta Euskal Autonomikan.

 

1992an lehenengo nesken taldea sortzen da kadete mailan eta ordutik gaurdaino, saskibaloi sailak bai mutiletan bai nesketan lehiatzen da. Aipagarri gisa, 2009 – 2010 denboraldirarte bi talde gutxienez izan ditu sailak nesketan.

 

Mutilen senior mailara jokalari gazteak heltzearekin batera, kirol mailak gora egiten du beteranoen laguntzarekin. Horrela, 1999an lehenengoz historian Euskal Autonomika Mailara igotzen da taldea Gipuzkoako Lehenengo Maila Probintzialean hirugarren gelditu ondoren eta, bide batez, Arabako, Bizkaiako, Nafarroako eta Errioxako taldeen aurka (gipuzkoarrekin batera) lehiatzeko eskubidea lortzen da.

 

Esperientzia polita izan arren, taldeak bi urte besterik ez du irauten beteranoek utzi egiten dutelako eta gazteen artean, batzuk maila altuagotan jolasteko eskaintzak jasotzen dituztelako. Beheko mailetako gazteek ilusioa galtzen dute eta talde batzuk ezin osatuz dago saila.

 

2001eko udan, kirol-hondamendiaren erdian, sailak hausnarketa sakon baten ondoren, Bigarren Maila Probintzialean talde seniorra ateratzea erabakitzen du berriro ere behetik gorako prozesu gogor bezain luze batean murgilduz. Kostata bada ere, eta entrenatzaileei formakuntza berezia eskeiniz, gazteak saskibaloira erakartzea lortzen da eta taldeak osatzen dira.

 

Erronka berri honen lehenengo isla, 2002ko Gipuzkoako Jubenil Mailako Igoera da, urte batzuetan senior mailako taldearen euskarri izango diren bi belaunaldiz osatutako talde eraginkorrari esker. Eta bigarrena, 2008ko Lehenengo Maila Probintzialerako Igoera, Aloña Mendiak egon behar duen tokia berreskuratuz.

 

2008ko uda horretan, maila altuagotan jolasten ari ziren entrenatzaile bat eta bi jokalari itzultzen dira Aloña Mendira eta beraiekin batera, beste bi jokalari, saileko lehenengo bi kanpotarrak bihurtzen direlarik (nahiz eta etxekoak bailiran). Honela, historiako talderik arrakastatsuena osatzen da bi denboraldiz jarraian maila altuagora igoera lortuaz: 2009ko maiatzean Ordiziako Lauko Finalean Autonomikarakoa final estu eta gogorra irabaziz eta 2009-2010 denboraldian, lehenengoz historian Lehenengo Maila Nazionalera Autonomikan Txapeldun suertatu ondoren.

 

Neskei buruz apenas hitz egin den arren, horrek ez dio garrantzirik kentzen. Alderantziz, Saskibaloi Sailak mailaka talde bana izatea du helburu eta hori lortzeko ari da lanean. Emaitzei begiratzen badiegu, ordea, mutilek errendimendu hobea eman dutela esan beharra dago. Neskek garaipen interesgarriak lortu dituzte historian zehar, batez ere, Ainhoa Lazkano zenaren omenezko Saskibaloi Txapelketan motibazioz beteta jolasten baitute beraien taldekidea omendu nahian eta 2008- 2009 denboraldian lortu zuten Infantil Mailako 6. postua (lorpenak ez du orain arte parekorik izan historian formazio mailetan).

Última actualización el Lunes, 31 de Enero de 2011 16:48