NOTICIAS

Aurrez Aurre...IÑIGO ZABALETA-rekin

Jueves, 07 de Febrero de 2013 14:28 Aratz Losada
Imprimir PDF

Aste honetan, Aurrez Aurre deituko diogun elkarrizketa pertsonalizatu honetako bostgarren protagonistarekin jarraituko dugu. Elkarrizketa honen bitartez, gure jokalariak gehiago ezagutu ahal izango dituzue eta saskibaloi kantxa batean nolakoak diren jakiteaz gain, hortik kanpo ere zer nolako gustuak dituzten jakin ahal izango duzue.

Aste honetako protagonista IÑIGO ZABALETA izango da. Hona hemen, antolatzaile oñatiarrarekin mantendu dugun aurrez aurrekoa:

alt

 

FITXA PERTSONALA:

Izena: Iñigo
Abizenak: Zabaleta Ugarte
Jaoitze data: 1981eko abenduaren 28an
Jaioterria: Oñati

Dorsala: 8
Postua: Antolatzailea
Altura: 1,78 m
Pisua: 72 kg

 


1.- Noiz eta non hasi zinen saskibaloian jokatzen? Ze oroitzapen dituzu?

Saskibaloian Olakua dorre ondoko jolaslekuan hasi nitzen. Txiki txikitatik, makina bat ordu pasatzen nituen bertan auzoko lagunekin. Berdin zitzaigun euria egiten edo ez, hantxe ibiltzen ginen gau eta egun, gure dibertsio gogokoenetakoa zen. Federatu mailan ostera,  13-14 urterekin hasi nitzen, garai hartan Oñatin federatu moduan jokatzeko hasi zitekeen lehen urtea zen. Gogoan daukat baita ere, lehenengo entrenamentuak ETEO zaharrean egiten genituela.


2.- Zein izan da saskibaloian ikusi duzun jokalaririk onena? eta zure idoloa?

Egia esan NBA-n makina bat jokalari ikusgarri dago baina nik ez dut horrenbeste jarraitzen. ACB eta Euroliga ostera asko jarraitzen dut eta bertan ez daukat iñongo dudarik norekin geratzen naizen.  Andres Marcelo “Chapu” Nocioni.  Ikaragarria da mutil honek daukan griña, oso jokalari konpletoa da. Baskonian ibili zen hasierako etapan ikusgarria zen bera jokatzen ikustea. Orain berriz bigarren etapa honetan, nahiz eta urteek aurrera egin dutela argi dagoen, hor dirau berak taldeko ikurra izaten.


2+1.- Jokalari maniatikoa al zara? Ohitura bereziren bat ba al daukazu partida egunetan?

Egia esan ez naiz maniatikoa, ez daukat inongo ohitura berezirik partidu egunetan.


3.- Ze musika entzuten duzu partida baten atarian?

Ez naiz partida aurretik musika entzuten duen horietakoa. Baina pixka bat motibatzeko gustoko dut  abesti martxoso batzuren erritmoan beroketa saioa burutzea.


4.- Saskibaloian bizi izan duzun momenturik onena? Eta txarrena?

Bi momentu txar etortzen zazkit burua. Bata senior taldean hasi berria nitzenekoa; taldea desagertu egin zen. Taldekide batzuk beste kirol bide bat hartu zuten, beste batzuk kirola  egiteari utzi zioten eta azkenik ezin izan genuen taldea atera. Bigarren momentu txarra iazko denboraldi amaiera izan zen. Ezin izan genuen maila mantendu eta honekin batera taldearen agurra izan zitekeena aurreikusten genuen. Oso momentu zail eta deserosoa izan zen taldekide gehienentzat, batez ere urte askoan batera jokatzen ibili ginenontzat.

Momentu onak ere ere asko daude; Ordiziako gipuzkoa mailako final fourra adibidez. Asteburu ahastezina izan zen.  Hurrengo bi urteak ere ikaragarriak izan ziren, Autonomika mailan izan ginen urtea eta baita nazional mailakoa ere.  Nahiz eta talde berria izan bietan lortu genuen denboraldi ikaragarriak burutzea eta mailaz igotzeko txartela eskuratu genuen. Azkenik, ezin ahastu Oñatiko plazan bizi izandako ospakizunak EBA mailara igotzea lortu genuen egunean. Nik, herrikoa izanda, ikaragarri gozatu nuen. Egun ahaztezina benetan.


5.- Zer eskatuko diozu urte berriari?

Nik gutxi daukat eskatzeko. Garbi daukat herriko  jokalaria izanik opari handia dela niretzat bitzitzen ari naizen esperientzia ahaztezin hau. Kirol arloan, lan eginez gero, emaitzak iritsiko dira, ez dago ezer eskatu beharrik, asteko lanean dago sekretua. (...) Eskatzekotan… nire taldekideen artean ez dadila lesiorik izan.

Última actualización el Lunes, 18 de Febrero de 2013 17:54
 

LIDE OSINAGA, ARGAZKI LEHIAKETAKO IRABAZLE

Miércoles, 30 de Enero de 2013 12:04 Aratz Losada
Imprimir PDF

Erabaki da dagoeneko, Aloña Mendiko saskibaloi sailak eta Sustrai Fruta Dendak abian jarri zuten argazki lehiaketa berritzailea. Guztira 35 argazki ezberdin jaso dira eta guztien artean, irabazlea Lide Osinaga oñatiarraren argazkia izan da. Sari bezela, Gasteizen jokatuko den Errege Kopa osoa ikusi ahal izateko bonu bikoitz bat irabazi du.

alt

 

Uste baino erantzun hobeagoa izan du pasaden urtarrilaren 19ko partidarako abiarazi zen ekimenak. Natra Oñati Aloña Mendi eta UPV Araba taldeen arteko partiduan, zaleei Saskibaloia gai nagusitzat hartuta, argazki originalak ateratzea eskatu zitzaien. Argazkiaren kalitateari baino, originaltasunari erreparatu zaio eta aipatu beharra dago jaso diren argazki gehienek, originaltasun maila bikaina izan dutela. Epaimahaiak, lanen originaltasuna eta kalitatea azpimarratu du eta azken erabakia hartzea, oso zaila izan dela ere, jakinarazi dute.

ARGAZKI OSO KONPLETOA

Lide Osinagaren argazkia hautatu izanaren motiboak  hauek izan dira Aloña Mendiko zuzendaritzako kide batek dionez: "Argazki oso konpletoa da. Talde osoaren presentziak, talde giroa, batasuna... bezalako adierazleak erakusten dizkigu. Baina guzti honi erabakiorra izan den elementu bat gehitu dio argazkilariak, enkuadrearen goikaldeko eskuin-aldean. Taldeko maskota eta umeak enkuadre berdinian “kaptatu” izana, erabakiorra izan da".

alt

 

ESKERTZA MEZUA

Aloña Mendiko zuzendaritza batzordeak eta Sustrai Fruta Dendak eskerrak eman nahi dizkie, lehiaketan parte hartu duten guztioi eta aurrerantzean ere, horrelako ekimen berritzaile eta ezberdinak egiten saiatuko direla ere konfirmatu dute.

Zorionak Lide!!

Última actualización el Lunes, 11 de Febrero de 2013 07:39
 

Aurrez Aurre...JOSEAN CAVADA-rekin

Miércoles, 30 de Enero de 2013 11:23 Aratz Losada
Imprimir PDF

Aste honetan, Aurrez Aurre deituko diogun elkarrizketa pertsonalizatu honetako laugarren protagonistarekin jarraituko dugu. Elkarrizketa honen bitartez, gure jokalariak gehiago ezagutu ahal izango dituzue eta saskibaloi kantxa batean nolakoak diren jakiteaz gain, hortik kanpo ere zer nolako gustuak dituzten jakin ahal izango duzue.

Aste honetako protagonista JOSEAN CAVADA izango da. Hona hemen, pibot Donostiarrarekin mantendu dugun aurrez aurrekoa:

alt

 

FITXA PERTSONALA:

Izena: Jose Antonio
Abizenak: Cavada Ezquerro
Jaoitze data: 1989ko martxoaren 18an
Jaioterria: Donostia

Dorsala: 7
Postua: Pibota
Altura: 2,05 m
Pisua: 108 kg

 


1.- Noiz eta non hasi zinen saskibaloian jokatzen? Ze oroitzapen dituzu?

Gogoan daukat oso ume nintzenetik hasi nintzela Loiola Ikastolako lagunekin saskibaloian jolasten. Kirol pixka bat egiteagaitik hasi nintzen, ze egia esan, orduan ez zitzaidan gaur egun bezain beste gustatzen; urteekin kirol honetara zaletzen joan naiz. Oso gogoan ditut baita ere, ume denboran kalean jokatzen genituen partiduak. Berdin zigun euria egin, elurra egin...gu berdin berdin aritzen ginen saskibaloian jokatzen, momentu politak izan ziren.


2.- Zein izan da saskibaloian ikusi duzun jokalaririk onena? eta zure idoloa?

Nik sekula ikusi dudan jokalaririk ikusgarriena eta onena, dudarik gabe Michael Jordan izan da. Egiten zituenak inork gehiago ez dituela egingo iruditzen zait. Irabazle hutsa zen. Bestelakoan, idolo bezala ez dut sekula jokalari erreferenterik izan, baina egia da jokalari bat baino gehiago gogoko ditudala eta beti fijatu izan naizela beraien joku estiloan.


2+1.- Jokalari maniatikoa al zara? Ohitura bereziren bat ba al daukazu partida egunetan?

Agian pertsona arraroa naizela esango duzue, baina ez naiz batere maniatikoa. Ez dut sekula izan ohitura berezirik partida egunetan eta nire ezaugarrietako bat, lasaitasuna dela esango nuke. Jokalari asko oso urduri jartzen dira partida egunetan eta ni berriz, nahiko lasai mantentzen den jokalari orietakoa naizela uste dut.


3.- Ze musika entzuten duzu partida baten atarian?

Lehen esan dudan moduan ohitura berezirik ez daukadanez, musikaren alorrean ere ez naiz batere maniatikoa. Hori bai Donostiatik Oñatiraino ia ordubeteko bidaia luzea daukadanez, bai gustatzen zaidala kotxean nijoan bitartean, irratiaren konpainia ondoan izatea. Bestela bakardadean sentitzen naiz (barreak). Irratiak, kotxean bakarrik joaten zarenean konpainia asko egiten du.


4.- Saskibaloian bizi izan duzun momenturik onena? Eta txarrena?

Nire ibilbidean zehar momentu on asko bizi izan ditut, baina bat aipatu beharra badago orain dela hiru urte bizi izandako bat aipatuko nuke. Azpeitiko Lan Mobel taldeaz LEB ligara igo gineneko momentua ahaztezina da niretzat. Jokalari bezela kirol lorpenak lortu ahal izatea eta kategoriaz igotzea lortu daitezkeen erronkarik politenak dira. Honekin batera ere, gazte mailetan Bartzelonan eman nituen urteak ere ez zaizkit sekula ahaztuko. F.C. Barcelona bezelako talde batean jolastu ahal izana, ohore bat izan da niretzat.

Eta momenturik txarrena, dudarik gabe orain bi urte izandako lesioa da. Lotailu gurutzatua eta meniskoa hautsi nituen eta mundua gainera erori zitzaidan. Momentu gogor horietan galdera asko egiten dizkiozu zure buruari; ondo errekuperatuko al naiz? Lehengo berdina izango al naiz?... zorionez momentu gogor horiek pasa dira eta oso ondo errekuperatu naizela esan dezaket.


5.- Zer eskatuko diozu urte berriari?

Eskatuko diodana diodan bakarra, gauzak orain arte bezela joatea da. Garaipen ugari lortuz eta bereziki lesioak errepeta diezagutela. Bi hauek betetzen badira, pozik egoten jarraitzeko motiboak izango ditugula uste dut.

Última actualización el Lunes, 04 de Febrero de 2013 18:03
 

ONDO LANDUTAKO GARAIPENA

Lunes, 28 de Enero de 2013 00:24 Aratz Losada
Imprimir PDF

Ondo landutako garaipena lortu du gaur arratsaldean Natra Oñati Aloña Mendik, Renedon jokaturiko lehen itzuliko azken partiduan. Bigarren laurdentxotik aurrera, markagailuan aurre hartu dute eta azken laurdenean kantabriarrek asko estutu duten arren (63-65 hiru minutu faltan), merezitako garaipena lortu dute Oñatiarrek (70-79). Lehen itzulia hamar garaipen eta porrot bakarrarekin amaitu du Blancoren taldeak.

alt

 

Jakinekoa zen gaurko partidua irabaztea ez zela batere erreza izango, eta aurreikuspenak bete egin dira. Pas Pielagos taldeak oso indartsu hasi du partidua. Zonakako defensa gogorra eginez, Blancoren mutilak oso deseroso aurkitu dira lehen minutuetan. Erasoan kamuts eta defentsan ere erraztasun ugari emanez. Hori horrela, laurdentxoa amaitzeko minutu eta erdi faltan, etxekoak 16-12 jarri dira markagailuan eta entrenatzaile oñatiarrak hutsartea eskatu beharra izan du Pielagosekoen dinamika positiboa apurtzeko. Zorionez, hutsarteak eragin zuzena izan du jokalariengan, bi defensa gogor eta bi eraso bikainekin laurdentxoa 18-16 bukatu delarik.

 

ALDAKETA BIGARREN LAURDENTXOAN

Lehen laurdena ez da batere ona izan, baina bigarren laurdentxotik aurrera gauzak erabat aldatu dira. Oñatiarrek beraien erritmoa ezarri dute eta defentsan eginiko lan onari Iagoba Gamarraren momentu beroa gehitu zaio. Bigarren zati hasieran hegaleko atxabaltarrak hiru hiruko sartu ditu jarraian eta partiduko lehen abantaila zabaldu du oñatiarren alde. 5-11ko partzial bati esker atsedenaldirako lau minutu pasa falta zirenean Natra 23-38 jarri da aurretik eta hortik aurrera, poliki poliki atzeko linea sendo mantenduz eta erasoan aukera egokiak baliatuz, abantaila zabaldu eta ordura arte lortutako abantailarik handienarekin iritsi da partidua atsedenaldira (28-38).

 

ABANTAILA HANDITU

Hirugarren laurdenean Blanco entrenatzaileak zonakako defensa erabili du beraien erasoko joko arriskutsua gelditzeko eta egia esan, erabat asmatu du aukeraketa horrekin. Kantabriarrek egundoko arazoak izan dituzte saskiratze errezak lortzeko eta oñatiarrek aldiz, defentsan lan ona eginez, konfidantza lortu dute erasoan egoki jokatzeko. Eta erasoan, bereziki berriz ere Ander Garciak izan dituen minutu onak aipatu behar dira. Lehen zatian agian ez da oso eroso ibili, baina bigarren zatian bereak eta bi egin ditu (ikus estatistikak). Laurdena, 10-15 bitarteko diferentzietan mugitu da, baina azken minutuan oñatiarren lasaitasuna baliatuz, Pas Pielagosekoak 5-0 partzial bat sartu eta 41-55 bukatu da laurdentxoa.

alt

 

ETXEKOEN ERALDATZEA

Partida nahiko ondo irabaziko zela zirudienean, azken 10 minutuetan erabat aldatu da norgehiagokaren norantza. Etxekoak, zaletuek ematen zuten  aupadaz baliatuz, oso oldarkor hasi dute laurdena eta oñatiarrak eraba ito dituzte. Lehen minutuan egindako  6-0 partzialari esker, 47-54 hurbildu dira markagailuan eta partidua irabazteko gai zirela sinestu dute. Eskerrak berriz ere, Ander Garciaren figura agertu dela. 7 puntu jarraian sartu ostean, arnas pixka bat eman baitio taldeari 5 minutu faltan 51-61 markagailua ezarriz. Dena den, partidua ez da hor amaitu. Etxekoek hutsarte batekin apurtu dute oñatiarren erreakzioa, eta erabat indarberrituta irten dira partidaren azken txanpara. Kanpoko jokalariak era guztietako saskiratzeak lortzen hasi dira eta hiru minuturen faltan 63-65 hurbildu dira markagailuan. Harmaila sutan zegoen, pozik eta taldea ikaragarri aupatuz, partida irabazteko kapaz ikusten baitziren, baina hor agertu da enegarren aldiz, Natra liderraren irmotasuna. Josean Cavadak hiru errebote garrantzitsu hartu eta jaurtiketa libre batzuk gauzatu ondoren, 63-68 jarri du markagailua. Arnas pixka bat hartu du taldeak eta zorionez azken bi minutuak oso ondo kontrolatu ditu talde gorritxoak. Azkenean, ondo izerditutako garaipena lortu du Blancoren taldeak Renedon 70-79.

 

DATORREN ASTEAN, FINALA DONOSTIAN

Lehen itzulia amaituta, Natra Oñati da ligako lider sendoa. Jokatu diren hamaika partidetatik, hamar garaipen eta porrot bakarrarekin sailkapenaren goikaldean tinko jarraitzen dute. Momentuz bi garaipeneko aldea daukate bigarren sailkatua den Easo Pastas taldearekiko eta kasualidadez datorren astean indarrak neurtuko dituzte gipuzkoarren arteko derbi ikusgarrian. Donostiarrak oñatin 20 puntugaitik galdu zuten, baina momentu hauetan gauzak asko aldatu dira. Lehen bi sailkatuen partidua, jardunaldiko partidua izango da zalantza izpirik gabe. Natrak garaipena lortzen badu, lehen postua ondo lotuta utziko luke eta Donostiarrek garaipena lortuz gero, emozioa nagusituko da sailkapeneko lehen postu horren lehian.

 

Partidako estatistikak: http://competiciones.feb.es/estadisticas/Partido.aspx?p=1035312

 

AUPA ALOÑA!!

 

Última actualización el Jueves, 31 de Enero de 2013 18:20
 

LEHEN ITZULIKO AZKEN GELTOKIA, SANTANDER

Sábado, 26 de Enero de 2013 23:34 Aratz Losada
Imprimir PDF

Urtarrileko azken asteburua iristearekin batera, amaituko da EBA mailako lehen itzulia. Gogoangarria izan da Oñatiarrentzat eta orain arte lorturiko nota ezinhobea izan bada ere, bihar arratsaldean aukera paregabea izango du Eneko Blancoren taldeak, itzulia bikain-borobil batekin bukatzeko. Izan ere, garaipena lortuz gero, lehen 11 jardunaldietan partida bakarra galduta iritsiko litzateke talde txokolateroa ligako ekuadorrera. Pas Pielagos eta Natra Oñatiren artekoa, jardunaldia itxiko duen partidua izango da, eta arratsaldeko 6etan jokatuko da, Santanderreko Fernando Expósito polikiroldegian.

alt

 

Nork esango luke irailean, lehen itzulia amaitzeko jardunaldi bat faltan, Natra Oñati egun dagoen egoeran egongo litzatekeela. Zaletu positiboenek ere, ez zuten aurreikusiko horrelako denboraldi borobil bat, baina hauxe da egungo errealitatea eta talde oñatiarra hor goian egotea ez da kasualitate hutsa izan. Lehenik eta behin, uda sasoian klubak egin zuen ahalegina azpimarratu beharra dago, taldea indartzeko ekarri diren jokalariekin asmatu egin baita. Bestetik, entrenatzaileak orain arte erakutsi duen adorea ere azpimarratu beharra dago. Blancorentzat entrenatzaile gisa izan duen lehen esperientzia "serioa" izan da aurtengoa eta orain artean, plantilla oso ondo kudeatzen jakin izan duela erakutsi du. Egia da kalitate handiko jokalariez osatzen dela taldea eta orain artean, momentu txar gutxi izan direla, baina hile guzti hauetan patxada eta nortasun handiko entrenatzailea dela erakutsi du. Eta amaitzeko, jokalari bakoitzak bere papera zein den garbi izateak eta momentu oro, arlo indibidualean pentsatzen aritu baino, arlo kolektiboan pentsatu izanak, egin du handi taldea.

Baina hemendik aurrerakoak ez dira horren errazak izango. Eta honekin ez dugu esan nahi orain artekoak errazak izan direnik, baina behin hor goian kokatuta egoteak eta guztien ahotan egoteak presio extra bat eragingo dio taldeari. Eta errealitate horrek, ezartzen duen zama bizkar gainean eramatea, aurrerantzean taldeak izango duen erronka nagusiena izango da. Hemendik aurrera, jokatuko diren partida guztietan "faborito" papera erantsiko digute aurkari guztiek eta laudorioak besterik ez ditugu entzungo. Baina era berean, jokatzen ditugun partida guztietan, aurkariak motibazio extra bat izango du kategoriako "oilarra" menperatu ahal izateko. Beraz, aurrerantzean fisikoki eta taktikoki ondo egotearekin ez da nahikoa izango. Humiltasuna, errespetua, hankak lurrean izatea eta batez ere, etorriko diren momentu txar horietatik indartsu irtetzeko, psikologikoki talde sendoa izatea ezinbestekoa izango da falta diren 12 partidetan ezusteko handirik ez jasotzeko. Eta lehen erronka serioa biharkoa izango da, inongo dudarik gabe.

 

TALDE OSO ARRISKUTSUA

Bihar arratsaldeko partidua oso partidu arriskutsua izango da Blancoren mutilentzat. Bereziki bi faktoregaitik. Alde batetik, bidaia luzea eta igandea arratsaldean jokatu beharra edukitzeagaitik eta bestetik, Fernando Exposito pabilioian topatu dezaketen giro arrotzagaitik. Oñatiarrak ez daude ohituta igande arratsaldetan jokatzen eta orain artean etxetik kanpoko partiduetan pabilioi erdi hutsetan jokatu izan dute. Eta liga honetan zaletu beroak badaude, Oñatiko zaletuak eta Pas Pielagosen zaletuak dira inungo dudarik gabe. Bi kiroldegiak jardunaldiro betetzen dira eta etxean jokatzen duen taldeak, ondo asko daki zein garrantzitsua den seigarren jokalariaren presentzia hori.

alt

 

Guzti honi Pas Pielagosen potentziala gehitu behar zaio. Ez dute liga oso erregularra osatu, baina hasieran, zaletu askoren kinieletan agertzen zen talde kantabriarra sailkapenean goian egoteko talde gisa eta horrek erakusten du momentua ona ez den arren (3 garaipen eta 7 porrot), edozein momentutan suspertu daitekeen taldea dela. Beraz, beti bezala, oso garrantzitsua izango da partidaren erritmoa kontrolatu eta bereziki aurkariari errespetu handia izatea, biharko lehiatik zerbait positibia atera nahi bada.

 

ARAZOAK ASTEAN ZEHAR

Natra Oñatiri dagokionez esan, Blanco entrenatzaileak arazo ugari izan dituela astean zehar. Asier De la Iglesiaren bajari -bihar ere ez du jokatuko-, Imanol Ceciaga eta Xabier Odriozolaren arazoak gehitu zaizkio eta atzo iluntzeko azken lan saiorarte, ezin izan du talde osoarekin entrenatu. Dena den, klubetik konfirmatu dutenez, du bai Imanol eta baita Xabier ere, biharko partida jokatzeko prest izango dira. Jokalariak eguerdiko 14:00 irtengo dira postetxe pareko geltokitik eta partidua bukatu ahalaz bat itzuliko da espedizioa oñatira.

Zuzendaritzatik gogoraratu nahi da, bazkideek DOAN joan ahal izango dutela taldeko autobusean eta bazkide ez den horrek ere 3€ ordainduta Santanderreko partidura joan ahal izango da.

 

AUPA ALOÑA!! 

Última actualización el Lunes, 28 de Enero de 2013 19:42