Aurrez Aurre...ANDER GARCIA-rekin

Miércoles, 23 de Enero de 2013 10:23 Aratz Losada
Imprimir

Aste honetan, Aurrez Aurre deituko diogun elkarrizketa pertsonalizatu honetako hirugarren protagonistarekin jarraituko dugu. Elkarrizketa honen bitartez, gure jokalariak gehiago ezagutu ahal izango dituzue eta saskibaloi kantxa batean nolakoak diren jakiteaz gain, hortik kanpo ere zer nolako gustuak dituzten jakin ahal izango duzue.

Aste honetako protagonista ANDER GARCIA izango da. Hona hemen, eskolta Bergararrarekin mantendu dugun aurrez aurrekoa:

alt

 

FITXA PERTSONALA:

Izena: Ander
Abizenak: Garcia Urbina
Jaoitze data: 1989ko apirilaren 5ean
Jaioterria: Bergara

Dorsala: 6
Postua: Eskolta
Altura: 1,93 m
Pisua: 93 kg

 


1.- Noiz eta non hasi zinen saskibaloian jokatzen? Ze oroitzapen dituzu?

Gogoan daukat oso ume nintzenetik hasi nintzela Ikastolan saskibaloian jolasten, 10 urte inguru nituen gutxi gora-behera. Jolas-ordu guztiak aprobetxatzen nituen saskibaloian jolasteko, eta txirrina jo bitartean hor aritzen nintzen saskira bota eta bota. Aitortu beharra daukat gainera, askotan 5 bat minuto gehiago gelditzen nintzela jaurtiketak botatzen eta askotan berandu bueltatzen nintzen klasera. Horrek bronka bat edo beste jasotzea ere ekarri zidan.


2.- Zein izan da saskibaloian ikusi duzun jokalaririk onena? eta zure idoloa?

Nik sekula ikusi dudan jokalaririk aipagarriena, Bartzelonan jokatzen duen Juan Carlos "la Bomba" Navarro izan da. Talentu ikaragarria daukan jokalaria da eta zorionez, Baskonian jokatu nuenean bere aurka jokatu genuela esan dezaket. Eta idoloari dagokionean, ez naiz oso originala izango, nire idoloa Michael Jordan haundia izan baita. Oso zaila izango da horrelako jokalari bat berriz ere ikustea.


2+1.- Jokalari maniatikoa al zara? Ohitura bereziren bat ba al daukazu partida egunetan?

Ez, egia esan ez nahiz jokalari maniatikoa. Hori bai, partidu guztiak jokatu aurretik ohitura bat daukat. Musika entzutea eta beroketan ere musika egotea oso gustoko dut. Partiduan kontzentratzeko oso elementu garrantzitsua da niretzat.


3.- Ze musika entzuten duzu partida baten atarian?

Lehen esan dudan moduan musika entzutea oso gustoko dut partiduan kontzentratzen lagunzten didalako. Orokorrean, erritmo biziak dituzten kantak ditut gustoko, gorputzeko odola pizten lagunzten didalako eta horien artean kantxara salto egin aurretik partidu guztietan entzuten dudan azken kantua Evanescense taldearen Lithium kanta da.


4.- Saskibaloian bizi izan duzun momenturik onena? Eta txarrena?

Nire ibilbidean zehar momentu on asko bizi izan ditut. Baina bat aipatu beharra badago dudarik gabe 07/08 denboraldian TAU Ceramica Baskoniarekin ACB liga irabazi genueneneko momentua aipatuko nuke. Ikaragarria izan zen. 19 urte besterik ez nituen, eta ametsik hoberenetan ere ez nuen horrelako gauzarik gertatuko zitzaidanik amestuko. 10.000 pertsonen aurrean ospakizuna, Andra Mari Zuriaren plazako harrera...oiloipurdia jartzen zait oraindik ere gogoratzen dudanean!! 

Eta momenturik txarrenak, lesioak eta bereziki 2008. urtean Gasteizen Errege Kopa galdu izana izan dira. Dena alde geneukan, etxean jokatzen genuen, faboritoak ginen, egundoko taldea genuen...baina kirola badakizue nolakoa izaten den eta egun horretan DKV Juventud taldean Rudy Fernandez izeneko izar bat agertu zitzaigun eta "berak bakarrik" irabazi zigun finala!! Arantza handia daukat sartuta!!


5.- Zer eskatuko diozu urte berriari?

Orain arte eraman dugun ibilbidea errepikatzea, hau da, garaipen asko lortzea eta bereziki etxeko partidetan gure zaletuei ikuskizun politak eskaintzea. Ah! eta beste gauza garrantzitsu bat ere eskatu nahi dut gure taldekide eta zaletu guztientzat; OSASUNA.

Última actualización el Lunes, 28 de Enero de 2013 19:42